Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Auzitegi Gorenak gaur idatziko du Sorturen aurkako autoa
61. artikuluko aretoa batzartu egingo da gaur berriz. Ondoren, Sortu legeztatzearen alde agertu ziren epaileek boto partikularrak erabaki beharko dituzte.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren 61. artikuluko areto berezia batzartu egingo da gaur Sortu legeztatzea errefusatzen duen autoa idazteko.
Nolanahi ere, baliteke gaur ez jakinaraztea autoaren edukia, Sortu legeztatzearen alde agertu ziren epaileek boto partikularra idazteko denbora izan dezaten.
Bozketan, aretoa osatzen duten 16 epaileetako zazpi agertu ziren alderdi abertzaleari hauteskundeetan parte hartzen uztearen alde, baina hiruk baino ez zuten iragarri boto partikularra idazteko asmoa (Manuel Alarcon, Rafael Gimeno-Bayon eta Jose Luis Calvo Cabello).
Hala ere, baliteke azkenean boto partikular bakarra aurkeztea, Juan Antonio Xiol Rios epaileak idatzita, eta Sorturen alde agertu ziren gainerako seiek ere sinatzea, jarrera horrek indar handiagoa izan dezan Auzitegi Konstituzionalean, Sortuk aurkeztuko duen helegiteari begira.
Duela astebete, Auzitegi Gorenak aintzat hartu zituen Estatuko Abokatutzaren eta Fiskaltzaren eskaerak, eta galarazi egin zuen Sortu legeztatzea, Batasunaren jarraipena dela argudiatuta.