Politika -

Lezo operazioa

Haitiko lurrikararen ostean esleipenak lortzeko eroskeriak ikertzen ari dira

Espainiako Gobernuak Haitin izan zuen enbaxadorea ustez erosteagatik ikertzen ari dira Edmundo Rodriguez Sobrino, Ignacio Gonzalezek Isabel II.aren Kanalean zuen gertuko arduraduna.

Lurrikara Haitin / Argazkia: EFE.
Lurrikara Haitin.
Lurrikara Haitin / Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel II.aren Kanala enpresa publikoaren arduradun Edmundo Rodriguez Sobrino Espainiako Gobernuak 2011 eta 2014 artean Haitin izan zuen enbaxadorea, Manuel Antonio Hernandez Ruigomez, ustez erosteagatik ikertzen ari da Guardia Zibila, SER irrati katearen arabera. Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidente ohi Ignacio Gonzalezen gertukoa zen Rodriguez Sobrino. Hernandez Ruigomez Espainiako Gobernuaren enbaxadorea da gaur egun Angolan.

Lezo operazioaren izapideak egiten ari den epaileari ikerketa lerro berri hori irekitzea eskatu dio Guardia Zibilak. Eroskerien helburua Haitin azpiegitura hidrikoak berreraikitzeko proiektuak lortzea zen, hainbat azpiegitura kaltetu baitziren 2010ean bertan izandako lurrikararen ondorioz.

SER irrati katearen arabera, Rodriguez Sobrinok 7.200 euroko urteroko ordainketak agindu zituen, enbaxadorearen aita Mario Hernandez Sanchez-Barbarentzat, ustez La Razón egunkarian iritzi artikuluak idazteagatik. Hedabide horretan kontseilaria zen Isabel II.aren Kanaleko arduraduna.

Inassaren zerbitzuen hornitzailea zen Epsilon Kolonbiako enpresaren bidez egin ziren ordainketak.

Rodriguez Sobrinoren idazkari Clarisa Guerraren etxean "Haiti enbaxadorea" izeneko orri bat aurkitu zuen Guardia Zibilak, testu honekin: "7.200 euro ordaintzen dizkiogu urtero proiektu bat eman diezagun (arrebak edo aitak fakturatuko dute)".

Gainera, enbaxadoreak proiektu horien berri emateko bidali zituen mezu elektronikoak eransten ditu Guardia Zibilak. "Zerbitzua Inassarentzat izateko beharrezkoak diren urratsak emango ditugula adostu dugu", irakur daiteke mezu horietako batean. Rodriguez Sobrinok hitz hauekin eskertu zion: "Zu bezalako gehiago egongo balira, Espainiako kanpo merkataritza krisitik ateratzeko modu ona litzateke".

Haitin 19,4 milioi dolarreko esleipenak lortu zituen Inassak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Alderdi Popularra Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Madril Lurrikarak Haiti