Politika -

28AKO HAUTESKUNDEAK

Eskuinari aurre egiteko 'horma' osatuko dutela esan dute ERCk eta EH Bilduk

Rufianen arabera, Sanchez Ciudadanosekin akordiotara heltzeko 'irrikaz' dago, eta PSOE eta Cs alderdiek osatutako Gobernua eskuin muturrak osatutakoa baino are kaltegarriagoa litzakeela esan du.

Gabriel Rufian, Mertxe Aizpurua eta Oscar Matute, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE.
Gabriel Rufian, Mertxe Aizpurua eta Oscar Matute
Gabriel Rufian, Mertxe Aizpurua eta Oscar Matute, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta Kataluniako Esquerra Republicanak elkarlanean aritzeko aliantza berretsi dute gaur Bilbon. Apirilaren 28ko hauteskunde orokorrei begira adostutako akordioaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte Mertxe Aizpurua eta Oscar Matute EH Bilduren Gipuzkoako eta Bizkaiko zerrendaburuek hurrenez hurren, eta Gabriel Rufian ERCko diputatuak. Une historikotzat jo duten honetan, "eskuinari aurre egiteko horma" osatuko dutela nabarmendu dute ordezkari independentistek.

"Siglen gainetik herrien arteko aliantzak" behar direla azpimarratu dute EH Bilduko eta ERCko hautagaiek, "duela 80 urteko faxismoa bueltan datorrela ohartaraziz". Era berean, PSOEn eta Ciudadanosen arteko balizko akordioa, PP, Ciudadanos eta VOX alderdien artekoa baino kaltegarriagoa izan litekeela nabarmendu dute.

Gabriel Rufian ERCko kidearen arabera, Pedro Sanchez PSOEko burua hauteskunde ondoren alderdi laranjarekin akordiotara heltzeko "irrikaz" dago.

Oscar Matute EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburuak, bere aldetik, uste du PSOEk hauteskunde aurretik argitu beharko lukeela eskuin muturreko alderdiren batekin akordiotarako prest dagoen edo ez.

ERCK eta EH Bilduk argi esan dute euren botoek ez duela eskuin muturreko gobernu bat ahalbidetuko, eta PSOEri ohartarazi diote "txeke zuririk" ere ez dutela jasoko. Alderdi independentisten botoa nahi badu, Sanchezek jakin beharreko gutxienekoak zeintzuk diren zehaztu dituzte: "erabakitzeko eskubideaz hitz egiten hastea, preso politikoak askatzea eta politika neoliberalak geldiaraztea dira gutxieneko batzuk", esan dute.

"Euskal Herriaren eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidea, preso politikoen askatasuna eta etxeratzea, errepresioaren kontrako borroka, eskubide sozial eta ekonomikoen aldeko defentsa edota eskuin muturraren kontrako aliantza sendoa osatzea" dira EH Bilduren eta ERCren arteko akordioaren ildo estrategiko nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC