Politika -

Estrasburgo

Martin Villa epaitzea lortzeko kanpaina, babesaren bila Europako Parlamentuan

Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan! elkarteek frankismoko krimenen “inpunitatea” salatu dute Estrasburgon.

Rodolfo Martin Villa epaitzeko kanpainaren artxiboko irudia. Youtube
Rodolfo Martin Villa epaitzeko kanpainaren artxiboko irudia. Youtube
Rodolfo Martin Villa epaitzeko kanpainaren artxiboko irudia. Youtube

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Martin Villa ministro ohia epaitzea lortzeko kanpainaren hiru ordezkari eurodiputatuekin bildu dira astearte honetan, Europako Parlamentuan. Diktadura frankistan eta trantsizio politikoan egindako gizateriaren aurkako krimenak epaitzea lortu nahi dute.

Andoni Txasco Martxoak 3 elkarteko ordezkaria, Lourdes Etxebarria abokatua eta Fermin Rodriguez Sanferminak 78 Gogoan! elkarteko kidea Estrasburgora joan dira. Frankismoko krimenen “inpunitatea” salatu dute.

Prozesu judizial batek Espainian aurrera ez egitea eta Martin Villa Argentinara ez estraditatzea salatu dute ekintzaileek eta biktimen senideek. Maria Servini epaileak ministro ohia galdekatu nahi du, frankismoko krimenen auzian.

Miguel Urban eta Ernest Urtasun (Unidos Podemos), Izaskun Bilbao (EAJ), Ana Miranda (BNG) eta Jordi Sole (ERC) Memoria Historikoa taldeko eurodiputatuek Ganberako beste kideen sinadurak biltzeko konpromisoa hartu dute.

Etxeberria: "Espainiako auzitegiek gertakariak epaitzea saihestu dute behin eta berriro"

“Espainiako auzitegiek gertakariak epaitzea saihestu dute behin eta berriro”, kritikatu du Etxeberriak kazetarien aurrean. Abokatuaren hitzetan, benetako babes judizialerako eskubidea urratzen ari dira, baita giza eskubideen nazioarteko hitzarmenak ere.

Espainian epaiketa posible ez bada, gutxienez Argentinako Justiziak auzia aztertzeko aukera izatea eskatu du abokatuak.

“Espainiak Pinochetekin egin zuen. Espainiak erreparorik ez izatea oso ondo etorri zitzaion Argentinari. Baina orain hemen gertatu zirenekin ez da gai, eta aitzakiak bilatzen ditu”, erantsi duenez.

Urtarrilaren 31an, biktimen senitartekoek eta 30 elkarte baino gehiagok kanpaina bat aurkeztu zuten, ministro ohia epaitzeko. Era berean, kereila aurkeztu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Justizia Unibertsala bideoak Eguneko albisteak Albisteak Martxoak 3 Frankismoa Memoria Historikoa