Politika -

Nafarroa

Barkosek M26ko foru hauteskundeak deitu ditu: '2019a hauteskunde urte gakoa da'

Nafarroako presidenteak nabarmendu duenez, hilabete eskasean hauteskundeak izango dira barruti guztietan.

Barkosek dekretua sinatzen duen unea. Argazkia: EFE
Barkosek hauteskundeak deitzeko dekretua sinatu du.
Barkosek dekretua sinatzen duen unea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos presidenteak maiatzaren 26ko foru hauteskundeak deitzeko dekretua sinatu du gaur Nafarroako jauregian egindako ekitaldi instituzional batean. Nabarmendu duenez, 2019a "urte gakoa" izango da.

Barkosekin batera, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Manu Ayerdi eta Miguel Laparra Gobernuko presidenteordeak izan dira ekitaldian. Hala, erkidegoko hiru erakundeek —Nafarroako Presidentetza, botere exekutibo eta legegilea— ordezkaritza izan dute.

Dekretua bihar argitaratuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta egun horretan sartuko da indarrean. Hauteskunde kanpaina maiatzaren 10etik 25era izango da. Parlamentu berria ekainaren 19an osatu beharko da (11:00etan).

Deialdia sinatu ostean hitzaldia egin du Barkosek. Horren hitzetan, "2019a hauteskunde urte gakoa izango da Nafarroan, Espainian eta Europan. Izan ere, hilabete eskasean, apirilaren 28tik maiatzaren 26ra, hauteskundeak egongo dira barruti guztietan".

Presidentea "pozik" agertu da legegintzaldi honetan Gobernuan zein Ganberan eta hainbat udaletan lortutako "aldaketa" dela eta, eta erakundeoi emandako "egonkortasuna" azpimarratu du.

"Aniztasuna" Parlamentuan

Maiatzaren 26an irabazteko "anbizioa" duela aitortu du, gerora lauko gobernuak gaur egun dituen 26 eserleku horiek "gainditzeko".

"Ez daukat dudarik maiatzean hautetsontziek utziko duten hurrengo parlamentuak ere gure komunitatearen aniztasuna islatuko duela", erantsi du. Barkosen esanetan, lauko gobernuak "ezberdintasunak eta tentsioak gorabehera, interes orokorra lehenetsi du erkidegoaren oraina eta geroa hobetzeko akordio garrantzitsuak lortzeko".

Presidenteak esan du gai garrantzitsu askotan "bidea" egin dela, baina "eskarmentu faltak eta anbizio handiko akordio programatikoak" eraginda, ez dutela hitzartutako dena egin, "lana erruz egin dugun arren". 

"Denbora gehiago behar dugu", adierazi du, eta bigarren legegintzaldi bat egiteko aukera opatu du. Barkosen berbetan, "ahalik eta akordio zabalenak bilatuko ditugu horretarako".

Lau urte hauetan lortutakoak aipatzeko orduan, diru kontu publikoak onbideratu dituztela nabarmendu du Nafarroako presidenteak. Hain justu, asteburu honetan eman dio S&P kalifikazio agentziak  A+ nota Nafarroari. Txostenaren arabera, foru erkidegoko rating-ak Estatukoa baino hiru puntu handiagoa beharko luke, baina arauaren arabera bi izan daiteke gehienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Uxue Barkos Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Hauteskundeak