Politika -

'Proces' epaiketa

Begi bat galdu zuen boto-emaileari 'bost eraso' egotzi dizkio Espainiako Poliziak

Roger Español “etsai manifestarietako bat” zela esan du Juan Manuel Quintela Informazio Brigadako buruzagiak. I20an CUPen egoitzan egindako sarekadagatik inputatu dute Quintela.

Epaiketa Auzitegi Gorenean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Epaiketa Auzitegi Gorenean.
Polizia Nazionalaren buruak, 'proces' auziaren epaiketan

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roger Españolek poliziei egindako “bost eraso zuzenen” berri eman dio Espainiako Poliziak U-1eko kargak ikertzen ari den Bartzelonako epaileari. Roger Español boto-emaileak begi bat galdu zuen gomazko pilotakada baten ondorioz Ramon Llull ikastetxean.

Juan Manuel Quintela Espainiako Poliziaren Informazio Brigadaren buruzagiak deklaratu du astearte honetan, Auzitegi Gorenean, proces epaiketan. Bartzelonan, Lleidan eta Tarragonan lan egin zuen poliziak, U-1ko erreferenduma eragozteko. I20an CUPen egoitzan egindako sarekadagatik inputatu dute Quintela.

Bartzelonako Ramon Llull ikastetxean lanik “zailena” izan zutela azaldu du Poliziako buruzagiak Gorenean. Zazpi zauritu izan zirela zehaztu du. “Sartzea zaila izan zen, baina ateratzea are gehiago”, azpimarratu du.

Informazio Brigadako buruzagiaren ahotan, bertan izan ziren poliziek “mota guztietako erasoak” jasan zituzten. Hesi metalikoak eta era guztietako objektuak jaurti zizkietela azaldu du, baita kolpeak eta ostikoak eman ere. Horrek gomazko pilotak erabiltzera behartu zituen, erantsi duenez. 2014az geroztik gomazko pilotak debekaturik daude Katalunian.

Gomazko piloten ondorioz, “etsai manifestarietako” bat zauritu zutela onartu du poliziak. Horrela, Roger Español boto-emailea identifikatu du lekukoak. Españoli agintaritzaren aurkako atentatua egotzi dio Bartzelonako epaileak U-1ean.

Informazio Brigadako buruzagiaren hitzetan, Espainiako Poliziaren aurkako erasoetan “aurreneko lerroan” izan zen boto-emailea. “Funtzionarioei bost eraso zuzen egin zizkien”, adierazi du Quintelak, eta frogak epaitegiaren esku daude.

Mugimenduen berri

Bestalde, buruzagiek aginduta, Mossoek gainerako polizien mugimenduen berri “xehatua” eman zutela esan du Quintelak. Zentzu horretan, Bartzelonan kokapenaren inguruko 271 komunikazio izan zirela nabarmendu du.

Gainera, U-1ean Mossoek polizien lana “oztopatu” zutela adierazi du Espainiako Poliziaren Informazio Brigadako buruzagiak. Mosso batek hautesleku batean sartzea eragotzi ziela esan du, “botoa ematen utz iezaiezue” oihukatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean