Politika -
A28 eta M26ko hauteskundeak
483.783 pertsonak dute boto-eskubidea Nafarroan egingo diren hauteskundeetan
Horietatik 27.442 atzerrian bizi dira (batez ere, Argentinan, Frantzian eta Mexikon) eta 2.915 Nafarroan bizi diren atzerritarrak dira.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako hauteskunde-erroldak jasotzen duenez, 483.783 pertsonak dute botoa emateko eskubidea apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeetan, INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak emandako datuen arabera.
Hautesleok 272 herritan bizi dira —325 barruti eta 262 sekziotan banatuta— eta 356 hautesleku eta 976 hauteskunde-mahai izango dituzte eskura botoa emateko.
483.783 boto-emaile horietarik 27.442 atzerrian bizi dira. Nafarroan bizi diren atzerritarrei dagokienez, 2.915ek udal hauteskundeetan bozka dezakete, eta beste 1.905ek, Europako hauteskundeetan.
Atzerrian, herrialde hauetan bizi dira nafarrak: Argentina (7.960), Frantzia (3.028) Mexiko (2.119), Ameriketako Estatu Batuak (2.041), Ekuador (1.580), Txile (1.295), Erresuma Batua (1.162), Uruguai (1.107), Alemania (874), Venezuela (719) eta Suitza (510).
Udal hauteskundeetan boto-eskubidea duten atzerritarrei dagokienez (2.915), bulgariarrak dira nagusi (707), eta errumaniarrak (599), portugaldarrak (415) eta frantsesak (317) ageri dira ondoren zerrenda horretan.
Europako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea duten atzerritarren jatorria, bestalde, honakoa da: Erresuma Batua (401), Bulgaria (339), Portugal (305) eta Frantzia (236).