Politika -
Kontrolerako saioa
Urkullurentzat ulertezina da Jaurlaritzari beharrean, EH Bilduk Sanchezi laguntzea
Koalizio abertzaleak lan-baldintzen "egoera kaskarrari" buruz egindako galdera bati erantzunez aurpegiratu dio EH Bilduri Sanchezi babesa eman izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak EH Bilduri esan dionez, "inork ez du ulertzen Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren neurriak ez babestea", eta Diputatuen Kongresuan, "ezeren truke", Pedro Sanchezen Gobernuaren lege-dekretuei laguntza "oparitzea".
Lan-baldintzen "egoera kaskarra" dela-eta Legebiltzarreko kontrolerako saioan koalizio abertzaleak egindako galdera bati erantzunez aurpegiratu dio Urkulluk EH Bilduri Sanchezi babesa eman izana.
Iker Casanova legebiltzarkidearen iritzian, Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lan-gatazkei aurre egiteko "formula bakarra" du: "ardura" eta "konfiantza" erakustea.
Ildo horretan, "arazo estrukturalari" irtenbidea emate aldera, neurri eraginkorrak hartzeko eskatu dio lehendakariari, "Euskadin lan eta giza eskubideak galtzen ari direlako". Horregatik, arlo horretan PPrekin duen "lotura kontserbadorea" bertan behera uzteko eskatu dio.
"Apokalipsia"
Euskadin bizi den egoera "apokalipsia" balitz bezala definitzea egotzi dio Urkulluk Casanovari, errealitatea oso bestelakoa dela iritzita. Adibide gisa, euskal ekonomia izaten ari den "hazkundea" aipatu du, baita langabezia tasaren beherakada eta osasunera, hezkuntzara eta babes sozialera bideratutako baliabideen hazkundea ere.
Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzaren helburua dela "pertsona guztien bizi baldintzak bermatzea". Horren esanetan, aurrekontuen "izaera sozialak" agerian utzi du zein asmo duten, 7.100 milioi euro bideratu baitituzte gastu sozialera; hots, aurrekontuen % 67.
"Hodei beltzak"
Ostiral honetako osoko bilkuran, egoera ekonomikoari buruz Elkarrekin Podemosek egindako galdera bati ere erantzun dio Urkulluk.
Hain zuzen ere, Ekonomiaren etorkizuna kolokan jartzen duten "hodei beltzen" aurrean, "drama sozialak saihesteko neurriak" eskatu dizkio Lander Martinezek.
Horren harira, lehendakariak esan du Jaurlaritzak hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena aztertu berri duela (% 2,3tik % 2,2ra jaitsi da), eta eurogunerako aurreikusitakoaren bikoitza dela. Gainera, eskua luzatu dio Elkarrekin Podemosi, enpleguarekin, ekonomiaren garapenarekin eta babes sozialarekin lotutako gaietan, neurriak hartzen lagun diezaion.