Politika -
Zelata Podemosi
Alberto Pozas, ostegunean dimisioa eman zuen Moncloako karguduna, inputatu dute
Pozasek Tandem auzian lekuko gisa deklaratu behar zuen astelehen honetan, baina Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu egin du.
Agentziak | Erredakzioa
Manuel Garcia Castellon epaileak Alberto Pozas Interviu aldizkariko zuzendari ohia inputatu du gaur Tandem auziko 10. piezan. Moncloako Informazio Nazionaleko zuzendari nagusiak dimisioa eman zuen ostegunean. Villarejo komisario ohiaren eskuetan izan ziren Podemoseko aholkulariaren mugikorretik ateratako datuak ikertzen ari dira auzian.
Pozasek lekuko gisa deklaratu behar zuen astelehen honetan, baina Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu egin du, iturri juridikoek baieztatu dutenez.
Ia 45 minutuko iraupena izan du Pozasen agerraldiak. Interviu-ko zuzendaria zenean, Podemoseko aholkulariaren mugikorreko datuen pen drive bat, kopiarekin, Jose Villarejo komisario ohiari eman ziola onartu du Pozasek. Pen drive hori erredakzioan jaso eta argitaratzeko asmorik ez zutela zehaztu du, iturrien arabera.
Horrela, Villarejoren bertsioa berretsi du Moncloako kargudun ohiak. Pen drive hori Pozasek eman ziola azaldu zuen komisario ohiak. Horregatik, kazetaria inputatzea erabaki du epaileak, sekretuak agerraraztea egotzita.
Komisario ohiak aitortu zuenez, datuak aldizkariaren egoitzara pen drive batean heldu ziren, baina Pozasek edukia argitaratzeko modukoa ez zela estimatu zuen, eta horregatik, Villajerori eman zion. Datuak aztertu ondoren, interesik ez zutela eta artxibatzea erabaki zuen komisarioak.
Pablo Iglesiasi egindako zelata ikertzen ari den auzian, “Gobernuaren eta presidentearen aurka egiteko erabiltzen” ari zirelako dimisioa eman zuen Pozasek.
Villarejo eta Pozas gain, Antonio Asensio Zeta taldeko presidenteak iragan asteartean deklaratu zuen. Mugikorraren datuak Asensiok eman zizkiola esan zuen Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak bere deklarazioan.