Politika -

Hauteskundeak apirilaren 28an

San Prudentzio efektua: Mahaiko 1.006 kide berri aukeratu dituzte Gasteizen

Apirilaren 1ean 2.781 pertsona zozketa bidez hautatu zituen Udalak, baina Hauteskunde-batzordeak pertsona askoren alegazioak onartu ditu.

San Prudentzio jaia. EiTBko bideo batetik ateratako irudia
San Prudentzio jaia.
San Prudentzio jaia. EiTBko bideo batetik ateratako irudia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan mahaiak osatzeko aukeratu dituztela jakinaraziko die Gasteizko Udalak 1.006 herritarri astearte honetatik ostiralera bitartean; izan ere, lehen hautaketako hainbat pertsonak alegazioak aurkeztu zituzten, eta Hauteskunde-batzordeak onartu ditu.

Apirilaren 1ean Udalak 2.781 pertsona zozketa bidez aukeratu zituen 309 mahaiak osatzeko. Erabakiaren berri emateko lehen prozesuari hasiera eman zion Udalak, eta ezin izan zen pertsona guztiekin harremanetan jarri.

Gainera, mahaiko kideak izan behar zirenek alegazioak aurkezteko epe bat izan dute, eta horietako asko onartu ditu Hauteskunde-batzordeak.

Horrela, Hauteskunde-batzordeak 1.006 jakinarazpen berri egiteko eskatu dio Udalari, hauteskunde mahaien osaketa bermatzeko, Udalak azaldu duenez.

Honenbestez, aurreneko deialdian aukeratutako mahaiko kideen 1.006 alegazio onartu dituzte, edo Udaltzaingoak ez zuen jakinarazpenik entregatzea lortu.

Datu pertsonalen konfidentzialtasuna blindatzeko, Udalak ez du izenen zerrendarik argitaratuko. Ondorioz, aukeratuak izan diren ala ez jakiteko, pertsona interesdunek auzoko udal-bulegoetara jo beharko dute ostegunetik aurrera.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeen eguna iragarri baino lehen bidaia kontrataturik izatea mahaitik libratzeko arrazoietako bat izan daiteke. Aurten faktore erabakigarria da Araban; izan ere, bost eguneko zubi bat izatea posible da lurralde historiko horretan, kasu batzuetan Pazko astearekin lotuz.

San Prudentzio jaia (apirilak 28) igandea da, eta apirilaren 29ra atzeratzea erabaki dute. Arabar askok zubi luzeaz gozatzeko aukera izango dute, Maiatzaren Leheneko jaieguna barne.

San Prudentzion beste toki batzuetara joateko ohitura dute Arabako familia ugarik. Horrek eragin du alegazioen gorakada hauteskunde mahaiko kide ez izateko, baita posta bidez botoa emateko eskaerak gora egitea ere; izan ere, arabar asko kanpoan izango dira hauteskunde egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika Araba Hauteskunde orokorrak San Prudentzio Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Aste Santua Oporrak