Politika -

Hauteskunde orokorrak

Posta bidezko boto eskaerak % 333 egin du gora Araban, sanprudentzioen eraginez

San Prudentzio apirilaren 28an ospatzen da, baina aurten igandea da, eta jaieguna astelehenera pasa dute. Horrela, arabar ugarik zubi luzea izango dute, Maiatzaren Lehena barne.

San Prudentzio. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
San Prudentzio.
San Prudentzio. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresurako eta Senaturako aurreko hauteskunde deialdiarekin (2016) alderatuta, martxoaren 5etik apirilaren 1era posta bidezko boto eskaerak % 333 egin du gora Araban, hilabete bukaerako jaiegunen eraginez.

Arabako Hauteskunde-errolda Bulegoak azaldu duenez, postazko botoa eskatu duen pertsona kopuruak gora egin izanaren arrazoi nagusia jaiegunak dira. Apirilaren 28a Pazko astearekin eta San Prudentzio Arabako zaindariarekin batera helduko da.

San Prudentzio apirilaren 28an ospatzen da, baina aurten igandea da, eta jaieguna astelehenera (apirilak 29) pasa dute. Horrela, arabar ugarik zubi luzea izango dute, Maiatzaren Lehena barne.

San Prudentzio egunean Arabako familia asko kanpora doaz, eta Hauteskunde-bulegoak faktore hori erabakigarritzat jo du eskakizunen gorakada aztertzeko orduan; izan ere, herritar ugarik bidaiak ordainduta edo planifikatuta zituzten, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeak apirilaren 28rako deitu baino lehen.

Posta-botoa eskatzeko epea martxoaren 5ean hasi zen, eta apirilaren 18an bukatuko da. Prozesua abiatu zenetik arabarren eskaerek ikaragarri gora egin dute. Horrela, apirilaren 1era arte 22.100 eskakizun jaso dira, aurreko hauteskunde orokorretan 5.100 izan zirenean.

Epea amaitzeko 18 egun falta direnean, orain arte jasotako eskaerek 2016ko ekainean izan ziren 14.000 eskakizunak aise gainditu dituzte. 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeetan 5.800 eskaera izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Hauteskunde orokorrak San Prudentzio Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Correosen bulegoak Gizartea albisteak