Politika -
Iruñea
Urtebeteko zigorra Eroritakoen Monumentuan ezkutuko kamerarekin grabatzeagatik
Clemente Bernad argazkilariak sekretuak zabaldu zituela uste du epaileak, baimenik gabe mikrokamera bat eta mikrofonoak sareta batean ezkutaturik jarri zituelako.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko epaitegi batek argazkilari eta dokumentalista bati urtebeteko espetxe-zigorra eta 2.880 euroko isuna ezarri dizkio, Eroritakoen Monumentuko kriptan ezkutuko kamerarekin grabatzeagatik. Sekretuen jabe egin eta zabaldu zituela ebatzi du epaileak. Argazkilariaren emaztea, ordea, absolbitu du, parte-hartzea frogatzerik izan ez dutelako.
Clemente Bernad argazkilariak sekretuak zabaldu zituela uste du epaileak, baimenik gabe mikrokamera bat eta mikrofonoak sareta batean ezkutaturik jarri zituelako kofradia bateko kideak grabatzeko, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Epaiari helegitea aurkezteko aukera dute Nafarroako Auzitegiaren aurrean. Kripta publikoari zabalik dagoen toki bat ez dela azaldu du epaileak sententzian, erabilera pribatukoa baizik. Hau da, erabilera eta sarrera mugatua du; izan ere, Santa Cruzeko Zaldun boluntarioen Kofradiako kideak eta agintari eklesiastikoak soilik sar daitezke.
Bertan ematen ziren meza polemikoak bakarrik grabatu nahi izan zituela argudiatu zuen 55 urteko akusatuak epaiketan, baina iruindarrak bereizi gabe grabatu zuen, kamera aurkitu eta kendu zuten arte, 29 ordu jarraian.
Kofradiako kideen intimitatea urratu zuela erabaki du epaileak. Horrela, gertakariak salatu zituen idazkariari 1.200 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.
Bernad eta haren emaztea 'ZER Dilemas Urbanos/Derivas ciudadanas' kolektibo kulturaleko kideak direla dio sententziak. 2017ko urtarrilean gogoeta egiteko jardunaldi batzuk antolatu zituen kolektiboak, "Eroritakoen Monumentuarekin zer egingo dugu?" izenburupean. Eraikinaren inguruko dokumentala estreinatu zuten bertan.