Politika -

Balentziaga Museoaren auzia

Mariano Camio Getariako alkate ohiaren aurkako auzia epaiaren zain geratu da

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zortzi urteko kartzela-zigorra eskatu dute Mariano Camio EAJko alkate ohiarentzat Balentziaga Museoaren eraikuntzan antzemandako irregulartasunengatik.

Camio, epaiketako lehen egunean. Argazkia: EFE
Mariano Camio, epaitegietan
Camio, epaiketako lehen egunean. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getariako Balentziaga Museoaren eraikuntzan izan ziren irregulartasunen auzia epaiaren zain geratu da.

Mariano Camio EAJko alkate ohia eta Julian Arguilagos eta Rolando Paciel arkitekto kubatarrak dira auzipetuak. Arguilagos ihesean dago eta hura bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen epaileak.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 8 urteko espetxe zigor eskaerei eutsi diete Getariako alkate ohiaren aurka, Balentziaga Museoaren eraikuntzan atzemandako ustezko ustelkeriari buruzko epaiketan.

Akusazioek hasierako ondorioak mantendu dituzte gaurko saioan. Beraien ustez, Camio erruduna da, eta hainbat delitu egotzi dizkiote, hala nola kudeaketa desleiala, merkataritza agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea.

Fiskala: "Camiok uste zuen Balenciaga Fundazioa berea zela"

Fiskalaren esanetan, Getariako alkate ohiak uste zuen Balenciaga Fundazioa "berea" zela, eta bera karguan zegoen bitartean, Julian Argilagos arkitektoak "lehentasunezko tratua" izango zuela. Camiok kontratatutako arkitekto kubatarra da Argilagos, eta auzipetuta dago, ihes eginda dagoen arren.

"Ahalguztiduna zen, ondasun guztiak kudeatzeko eta edonor kontratatzeko ahalmenak zituen", deskribatu du fiskalak.

Ministerio Publikoak azaldu duenez, Argilagosen aldeko tratu horren ondorioz museoaren aurrekontuaren desfasea "estratosferikoa" izan zen.

Akusazio partikularrak ere ideia berdintsuak azaldu ditu, eta Camiok "botere abusuak" egin zituela nabarmendu du, "harreman estua zuen pertsona baten alde jokatzeko".

Ildo beretik, Camiok arkitektoari 1.500.000 euro "oparitu" zizkiola erantsi du.

Defentsak absoluzioa eskatu du

Arratsaldean, defentsen txanda izan da. Mariano Camioren abokatuak berretsi egin du Getariako alkate ohia errugabea dela.

Kontratuak faltsutu zirenik ukatu du, lekukoen testigantzak zalantzan jarri ditu eta Patronatuak eta Balentziaga Fundazioaren zuzendaritzak museoaren proiektua kudeatzeko inolako interesik erakutsi ez dutela kritikatu du.

Horrela bada, Camiori ahalmen guztia eman ziotela esan du, "dena hark egin zezan, eurek ezer egiteko asmorik ez zutelako; oso erosoa zen hori", salatu du.

"Camiok egindako kudeaketa gustukoa ez izatea ez da delitua", erantsi du. Gauzak horrela, absoluzioa eskatu du Getariako alkate ohiarentzat.

Bestalde, Camiok errugabea dela esateko baliatu du azken hitza: "Bizitza suntsitu didate, nirea eta nire familiarena; eta Balentziagaren eta Getariaren izen ona zikindu dute. Proiektu zoragarri hau gauzatzeko pertsona egokiak ez aukeratzeagatik errudan sentitzen naiz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Getaria Cristóbal Balenciaga Museoa