Politika -

Frantziako tiroketaren ostean

Urkulluk goraipatu egin du ezker abertzalearen erreakzioa

EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak Frantziako tiroketaren ostean ezker abertzaleak igorritako komunikatua "daraman bidean beste pauso bat" dela esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu Eusko Alderdi Jeltzaleko EBBko presidenteak txalotu egin du ezker abertzaleak, atzo astelehena, publiko egin zuen komunikatua; azpimarratu duenez, "pauso bat gehiago da daraman norabidean" larunbatean Frantzian izan zen tiroketa "oso larria" edo "onartezina" dela esatea.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Urkulluk esan du espero duela horrelako komunikatuek ezker abertzaleak "ETAk egindako guztiari bere babesa kentzeko" balio izatea edota baita "egin dezaketenaren gaineko aitzakiak eta justifikazioak bilatzeari uzteko" ere.

"Daraman norabidean beste pauso bat dela sute dut. (Tiroketa) gaitzetsi egin dute, eta badakigu mundu horretan zer den horrelako adierazpenak egitea edo modu horretako jokaerak erakustea. Txalotzekoa da ezker abertzaleak, behin eta berriz politika egin nahi duela esaten ari dela, modu horretako adierazpenak egitea" gaineratu du jeltzaleen presidenteak.

Era berean, gaur goizean ETAko ustezko bi kide Legorretan (Gipuzkoa) atxilotu dituztela eta, Iñigo Urkulluren ustez "zerbait egin dutela demostratzen bada, salatu eta jarraipena egin behar da". "Guk esaten duguna da atxilotuen eskubideak bermatu egin behar direla eta gero, justiziak frogatu behar duela frogatu beharrekoa" aipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea