Politika -
Azken 'Zutabe' aldizkarian
ETAk 'borroka armatua gainditzeko konpromisio argia' berretsi du
ETAren ustez, "ezker abertzaleak asmatu egin zuen egoeraren irakurketa egin zuenean, eta abian jarritako ekimenak" prozesu demokratikoa "iraultzeko aukera ematen du".
Erredakzioa
ETAk "borroka armatua oinarri izan duen zikloa gainditzeko konpromiso argia" berretsi du azken Zutabe barne aldizkarian (2007ko irailetik argitaratu duen lehenengo alean).
Gara egunkariak eskuratu ahal izan duen Zutabe aldizkarian, argitalpenaren 113. alean, agertzen denez, ETAk urtarrilaren 10ean aldarrikatu zuen su-etenak konpromiso horrekin du lotura zuzena.
Barne aldizkarian ez dituzte azken atxiloketak eta jendarmeekin apirilaren 9an izandako tiroketa aipatzen, beraz, aurretik idatzia dela pentsatzen dute.
ETAren arabera, su-etenak agerian uzten du "aldaketa politikoa lortzeko" duen "konpromisoa eta borondatea".
ETAren ustez, "ezker abertzaleak asmatu egin zuen egoeraren irakurketa egin zuenean, eta abian jarritako ekimenak" prozesu demokratikoa "iraultzeko aukera ematen du".
Zutabe aldizkarian erakunde armatuak azaldu duenez, "gatazka politikoari irtenbide demokratikoa ematea" da su-eten "orokor, iraunkor eta egiaztagarria" aldarrikatu izanaren helburua.
Bestalde, Espainiaren eta Frantziaren "inmobilismoa" salatu du eta "Espainiako Estatuarengandik irtenbidea lortzeko prozesu batean parte hartzeko borondate zintzorik" ez duela espero argitu du.
"Estatuaren blokeo jarreran pitzadura eragingo duen presioa bidera dezan", nazioarteari ere zuzendutako su-etena aldarrikatu duela gaineratu du ETAk.