Politika -

Terrorismoaren aurkako borroka

Aresek ez du ETAren atentaturik espero tiroketaren ostean

Hala ere, zaintza maila "gorena" dela esan du, "ETA ez baita desagertu". Bestalde, Antton Troitiño libre uzteko erabakia berrikustearen alde agertu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ez du ETAren atentaturik espero Frantziako tiroketaren ondoren, izan ere, "ez dugu daturik ETAk atentatuak egiteko asmoa duela pentsatzeko, baina zaintza maila gorenean dago, ETA ez baita desagertu".

Efe albiste-agentziak egin dion elkarrizketa batean, atentatuak gaitzesteko agerraldi publikoa egin dezala eskatu dio Herrizaingo sailburuak Sorturi.

Aresek Zapaterok aste honetan esandakoa berretsi du: "Ez dugu daturik ETAren barruan hausturak edo zatiketak daudela pentsatzeko daturik"

Hori dela eta, Frantziako Poliziaren kontrako tiroketa "bi terroristen jarreragatik izan zela" ulertu behar omen da, ez baitago atentatu gehiago egongo direla edo zatiketak daudela dioen daturik.

Tiroketaren ondorengo adierazpenei dagokienez, sailburuak baloratu egin du Sorturen erreakzioa "ETAri eskakizun argia" egiten diolako, "baina urratsak egin behar dituzte egungo, iraganeko eta etorkizuneko indarkeria gaitzesteko".

Bilduren eta koalizioa osatzen duten alderdien (EA, Alternatiba eta independenteak) erreakzioa, berriz, "onartezina" izan zela iritzi dio.

Antton Troitiño ETAko presoa kartzelatik atera dela eta, Aresek gogorarazi du Fiskaltzak helegitea jarriko duela eta berak bat egin du helegitearekin, "hilketa asko egin dituen terrorista batez ari gara, Justiziak berrikusi egin beharko luke erabakia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea