Politika -
Frantziako tiroketaren ostean
Bere 'gaitzespena' nahikoa ez izatea salatu du Bilduk
EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioak su-etena indarrean dagoela defendatu du. Gainera, "izen ona kendu" eta "susmopean jarri" nahi dituztela kritikatu du.
Erredakzioa
ETAk iragarritako su-etena indarrean dagoela defendatu du Bilduk. Alabaina, Frantzian ETAko ustezko bi kideek egindakoaren aurrean besteena bai baina euren "gaitzespena nahikoa ez izatea" salatu du koalizioak.
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak eta Mertxe Aizpuru independenteen ordezkariak prentsaurrekoa egin dute gaur, astelehena, Donostian. Agerraldian, "iruzkin interesatu eta maltzurrak" botatzen ari direla salatu dute, eta "izen ona kendu" nahi dietela eta "susmopean jarri" nahi dituztela salatu dute.
Hala ere, koalizioaren ordezkariek onartu dutenez, joan den larunbatean Frantzian izandako tiroketa Gernikako Akordioaren oinarrien aurka doa, testu horretan ETAri su-etena egitea eskatu baitzioten.
Halaber, jazoera argitzea eskatu du koalizioak. Haien ustez, "eragile guztion erantzukizuna da Euskal Herriaren normalizaziorako eta bakerako aurrerapausoak ematea".
Zentzu honetan, Espainiak eta Frantziak "Gernikako Akordioan zehaztutako eskaerak aintzat hartzea" beharrezkoa dela azpimarratu dute.
Koalizioak adierazi duenez, "Euskadiko gizartean sortu den ilusioa sendotzen" jarraituko dute, "biztanleek gatazkaren irtenbide demokratikoa eskatzen dutelako".