Politika -
'Miñao' auzia
De Miguelek 'erabat errugabea' dela errepikatu du
Alfredo de Miguel diputatu ohiak esan duenez, "lehen egunetik argi zegoena agerian gelditu da: EAJ helburua izan da eta helburu dute". De Miguel Miñao auziko inputatu nagusia da.
Erredakzioa
Alfredo de Miguel diputatu ohi eta ''Miñao'' auziko inputatu nagusiak "erabat errugabea" dela errepikatu du, eta "auzi honek helburu izan duen eta helburu duen bakarra” bere alderdia, EAJ, dela esan du.
Eusko Legebiltzarrean auzia ikertzen duen batzordearen aurrean agertu da gaur De Miguel. Ainhoa Alberdi enpresariak Miñaoko enpresagunearen inguruan legez kanpoko komisioak kobratu zirela salatu zuen.
De Miguel iazko martxoaren 16an atxilotu zuten eta ondoren aske utzi zuten, karguekin. Gasteizko epaitegi bat ari da auzia ikertzen.
Legebiltzarreko batzordearen aurrean agertu ostean, De Miguelek agiri bat irakurri du eta galderei erantzuteari uko egin dio, prozesu penala zabalik baitago.
Legebiltzarrean izan ostean, kazetariekin hitz egin du De Miguelek, eta errugabetasun-presuntzioa errespetatu ez izana egotzi die zenbait legebiltzarkideri.
Halaber, norberaren irudirako eskubidea babesteko irizpide ezberdinak egotea gaitzetsi du, eta Alberdik Gasteizko Ertzaintzaren polizia-etxean deklaratu zuela (hedabideak bertan egon barik) gogoratu du.
Era berean, "babesgabetasuna" salatu du; izan ere, filtrazio ugari izan dira batzordean inputatuek esandakoaz.
De Miguelen hitzetan, auzi horretan ez da ez komisiorik ordaindu, ezta ordaintzeko eskaririk egin, Alberdik kontrakoa esan bazuen ere. De Miguelek adierazi duenez, zenbait negozio egin zituen berarekin.
Hala ere, De Miguelen hitzetan, ez zion komisioen kobratzea eskatu, 2006an Urbanormak eskatutako eta Kataiak egindako lan batengatik ordaintzeko baino; eta lan horiek oraindik ez dituela ordaindu ekarri du gogora.