Politika -

Katalunia

Iceta senatari izendatzea baztertu du Kataluniako Parlamentuak

Iceta senatari autonomiko izendatzeko proposamenak aldeko 25 boto (PSC eta En Comun Podem) eta kontrako 65 (JxCat, ERC eta CUP) jaso ditu. PPC eta Ciudadanos abstenitu egin dira.

Miquel Iceta PCSko buruzagia. Argazkia: EFE
Miquel Iceta PCSko buruzagia. Argazkia: EFE
Iceta senatari izendatzearen aurka bozkatu du Kataluniako Parlamentuak

0:58

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miquel Iceta PCSko buruzagia senatari autonomiko izendatzea baztertu dute ostegun honetan Kataluniako Parlamentuan, alderdi independentistek kontrako botoa eman ostean.

Iceta senatari autonomiko izendatzeko proposamenak aldeko 25 boto (PSC eta En Comun Podem) eta kontrako 65 (JxCat, ERC eta CUP) jaso ditu. PPC eta Ciudadanos (39 ordezkari) abstenitu egin dira.

Ondorioz, bertan behera geratu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen asmoa, Kataluniako Parlamentuko sozialisten burua ez baita Senatuko presidente berria izango.

Ildo horretatik, Icetak Kataluniako Parlamentuaren erabakia deitoratu du, baina bere jarrera politikoan ez duela eraginik izango esan du. “Kataluniako egoerari irtenbide bat emateko borondatea daukat, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa oinarri hartuta”, esan du PSCko buruzagiak.

Aldebakarreko independentzia aldarrikapenaren ostean, sozialistek Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea babestu zutela gogoratu diote alderdi independentistek Icetari. Adierazpen horien aurrean, Kataluniako Parlamentuan Senatuari buruz hitz egin zuen lehen aldia gogoratu du PSCko buruzagiak, eta “155. artikulua saihesteko Puigdemontekin bat egiteko prest” agertu zela nabarmendu du.

Azkenik, iritzi politiko guztiak errespetatzen dituela esan du Icetak, baina maiatzaren 21ean Senatua Generalitateko ordezkaririk gabe osatzea deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika Albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Senatua gaur