Politika -
Datuen babesa
Herritarren iritziak jasotzea Konstituzioaren aurkakotzat jo du Konstituzionalak
Datu Pertsonalen Babeserako Lege Organikoaren ’58 bis’ artikuluan jasota dagoen hirugarren puntuak datu pertsonalen babesa eta adierazpen askatasuna urratzen ditu, besteak beste.
Agentziak | Erredakzioa
Herritarrek sare sozialetan emandako iritzi politikoak jasotzea Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak. Beraz, alderdi politikoek ezin dituzte erabiltzaileen datu pertsonalak bildu hauteskunde jardueretan erabiltzeko. Auzitegi Konstituzionalak aho batez baliogabetu du Datu Pertsonalen Babeserako Lege Organikoaren ’58 bis’ artikuluan jasota dagoen hirugarren puntua.
Artikulu horrek Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoan jasotako herritarren askatasun ideologikoa, datu pertsonalen babesa, adierazpen askatasuna eta parte hartze politiko eskubidea urratzen dituela esan zuen Espainiako Herri Defendatzaileak martxoan, eta helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean.
Zehazki, abenduan onartutako artikulu horrek hauteskunde garaian “webguneak edota sare sozialetako profil irekiak” arakatuz erabiltzaileen datu pertsonalak bildu eta informazio hori pertsona bakoitzaren araberako propaganda egiteko aukera ematen zien alderdi politikoei. Erabiltzaileei “behar besteko bermeak” eskaintzea zen horretarako baldintza bakarra.
Alabaina, Konstituzionalak onartu egin du Espainiako Herri Defendatzaileak jarritako helegitea, eta Datu Pertsonalen Babeserako Lege Organikoan araututako jokabide hori Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du aho batez.
Espainiako Herri Defendatzaileak txalotu egin du erabakia, “Herri Defendatzailearen erakundeak defendatutako ideiarekin bat” egiten duelako eta “herritarren oinarrizko eskubideak” babesten dituelako. Hala, askatasun ideologikoa, datu pertsonalen babesa, adierazpen askatasuna eta parte hartze politiko eskubidea nagusitu direla azpimarratu du Twitter bidez zabaldu duen mezu batean. Gainera, Auzitegi Konstituzionalak erabakia “aho batez eta epe laburrean” hartu izana nabarmendu du.