Politika -
Polizia gehiegikeriak
Polizia gehiegikerien legeari errekurtsoa jarriko dio Ciudadanosek Konstituzionalean
Alderdi laranjarentzat, Eusko Legebiltzarrean onartutako legeak "Estatuko segurtasun indarren jokaera kriminalizatu nahi du".
Agentziak | Erredakzioa
Ciudadanosek Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSE-EEk onartu zuten polizia gehiegikerien legearen kontrako errekurtsoa jarriko du Konstituzio Auzitegian.
Alderdi laranjaren arabera, legearen helburua "Estatuko segurtasun indarren jokaera kriminalizatzea" da, "batez ere terrorismoaren kontrako borrokan".
Ciudadanosek "ez du Poliziaren eta Guardia Zibilaren oinarrizko eskubideak urratzea onartuko". Albert Riveraren alderdiak gehitu duenez, "lege honek bere errugabetasun-presuntzioa kendu nahi du eta, horrela, bere jokaera politikariek inolako berme prozesalik gabe izendatutako auzitegi administratibo baten azpian jarri".
"Bitarteko guztiekin Espainiako gizartea euskal terrorismo separatistaren astindutik babestu zuten Poliziak eta Guardia Zibilak defendatzea" da hurrengo astean aurkeztuko duten helegitearen helburua.
Polizia gehiegikerien legea apirilaren 4an onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin. 1978tik 1999ra segurtasun indarrek egindako gehiegikerien biktimak onartzen ditu legeak.