Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Otegi: 'EAJ dopatuta dago, sektore atzerakoi eta kontserbadoreetatik hazten baita'

EH Bilduri "hesia" altxatzeko eskatu dio Otegik PSOEri. EAJri buruz esan du PPren botoekin haztea ez dela proiektu abertzale batekin bateragarria.

Arnaldo Otegi
Arnaldo Otegi
Arnaldo Otegi

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan elkarrizketatu dute ostegun honetan. Haren esanetan, Euskal Herriak geroz eta parekotasun handiagoa dauka ezker abertzalearen balioekin: "feminista, ekologista, autodeterminatzailea, aurrerakoia". Halere, Otegik argi du EH Bilduren proiektu independentistak "osagai berriak" behar dituela, erronka nagusia Bilboko metropolia izanik. "Hori da gainditu gabe dugun azterketa, hiri handiekin konektatzeak irabazle egingo gaitu", esan du.

Nafarroan EH bilduk Maria Chiviteren alde bozkatuko duen ere galdetu diote gaurko elkarrizketan: "Esparzaren aurka bozkatuko dugu. Chivite aurkezten bada, ez dugu erabakita zer egingo dugun. Uxue Barkosek bere hautagaitza planteatu beharko du". Iruñeko Udalean Maite Esporrinen alkatetza defendatuko duten galdetuta, hauxe argitu du: "Asiron alkate izan behar da, talde progresista batean. Haren hautagaitza babestuko dugu. PSNren esku dago, beraz, alkatea aukeratzea"

Maiatzaren 26ko emaitzez ere mintzatu da, independentistentzat emaitza "bikainak" izan direla iritzita. "Hego Euskal Herrian zinegotzi gehienak independentistak dira. Jendeak EH Bilduren kudeaketa gertutik ezagutzen duenean, saritu egiten gaitu. Halaber, Otegik gogora ekarri du 2011ko hauteskundeetan "bakearen aldeko apustua eta alderdien batasuna saritu zirela. Gaur egun, baina, osagai hori ez da existitzen, hau da, botoa proiektura zuzenduta dago", nabarmendu du Otegik. "Etengabe hazten ari gara. Botoen % 21 lortu dugu. Europan portzentaje horrekin hauteskundeak irabazten dituzte", azpimarratu du.

Koldo Mediavillari ere erantzun dio. Izan ere, azken honek Anquetil eta Pulidor txirrindulariekin parekatu zituen EAJ eta EH Bildu: "Arazoa lasterketan dopatuta joatea da. EAJ sektore atzerakoi eta kontserbadoreetatik hazten da. Ez da kasualitatea PP desagertzea eta EAJ haztea. Estrategia hori bateraezina da proiektu abertzale batekin. EH Bilduren hazkundea, aitzitik, Podemosen, EAJren eta gazteen botoen abstentziotik dator", adierazi du.

M26ko emaitzak gorabehera, zera azaldu dio Erkorekari: "erabakitzeko eskubidearen alde gaudenon indarrak batuta, alegia, EAJren, EH Bilduren eta Podemosen botoekin, % 80 gara Bizkaian eta Gipuzkoan eta % 70 Araban". Horregatik, nahiz eta Madrilek erabakitzeko eskubidearen planteamenduari iskin egiten dion, horrekin zer egin dezaketen aztertu beharko luketela deritzo.

Bestalde, Otegiren hitzetan, ez dute onartuko PPk Guardiako alkatetza hartzea. Beraz, seguruenik EAJk lortuko du alkatetza udalerri horretan.

PSOEri ere mezu garbia igorri dio. Hain zuzen ere, EH Bilduren aurkako "hesia" altxatzeko eskatu dio, Euskal Herriari eragiten dioten arazoei aurre egin ahal izateko: "Etengabe elkarri gauzak aurpegiratzen jarraituko al dugu? Guk asko dugu esateko GALi eta torturei buruz, baina ez dugu dinamika hori bilatzen. Jarri gaitezen ados, herrialde honen etorkizunari heltzeko".

Bukatzeko, Arnaldo Otegik azaldu du Legebiltzarrean Estatutu berriaren harira garatutako proiektuaren oinarriak finkatuko dituela EH Bilduk, horretan lanean ziharduten adituen berririk jaso ez dutela ikusita. "Adostutakoa bete nahi ez duenak, esan dezala", gaineratu du.

"Estrasburgok arrazoia eman zigun arren, ezin dut neure burua lehendakari izateko aurkeztu. Horrenbestez, hauteskunde kanpainan egongo naiz, lehendakarigai izan ala ez", amaitu du.

Elkarrizketa Radio Euskadik egin eta eitb.eus-ek itzuli du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak