Politika -
'Iraultza zerga'
ETAk xantaiaren amaiera iragarri die enpresaburuei
Erakunde terroristak gutun bat igorri die EAEko eta Nafarroako patronalei, 'iraultza zerga'ren amaiera jakinarazteko.
Erredakzioa
ETA erakunde terroristak gutun bat igorri die EAEko eta Nafarroako patronalei, 'iraultza zerga' delakoaren amaiera iragartzeko.
Horretan, "gizarteari oro har, eta enpresaburuei batik bat, 'iraultza zerga' indargabetuta dagoela jakinarazteko eskatzen ziguten".
Erabakia "urtarrilaren 10etik indarrean dagoen su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarriaren ondorioz" hartu duela adierazi du ETAk.
Gutunaren edukia publiko egin baino lehen, "ohiko bitartekoen" bidez benetakoa den egiaztatu dutela eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari ere jakinarazi diotela esan du Sarriak.
Nolanahi ere, enpresaburu nafarren buruak "zuhurtzia eta pazientzia" izateko dei egin du. Izan ere, "jarduera terrorista aldez aurretik etenda ere, askotan berriz ekin dio ETAk".
Azkenik, Sarriak "enpresaburu txikien" aurkako xantaiak ere bukatzeko exijitu dio ETAri, herri askotan "pintadak, diru-bilketetan parte hartzeko eskakizunak eta mehatxuak" egiten baitizkiete.
Confebask EAEko patronalak ere baieztatu du antzeko gutun bat jaso duela. EAEko patronalaren iturriek adierazi dute ETAren iragarpena "baikorra eta itxaropentsua" dela, baina zuhurtzia izatea eskatu dute.
ETAren erabaki horren "zain urte askotan izan" direla azaldu dute Eusko Ganberek, "behin eta berriro eskatu izan diotelako".
Komunikatu batean, orain "zuhurtziaz jokatu behar" dela adierazi dute Eusko Ganberek, eta "indarkeria behin-betiko desagertzeko beste pauso bat" dela erantsi dute.
Bestalde, xantaiaren amaieraren aurrean "zuhurtzia mantendu" behar dela esan du Enrique Portacarrero Euskal Enpresaburuen Zirkuluko zuzendariak.