Politika -

Presoak

Aitzol Iriondo presoa Lannemezango espetxera hurbildu du Frantziako Gobernuak

Orain arte Moulins-Yzeureko kartzelan zegoen Iriondo; bere jaioterritik (Lasarte-Oriatik) 808 kilometrora.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak Aitzol Iriondo presoa Ipar Euskal Herritik gertu dagoen espetxe batera hurbildu du; Lannemezango kartzelara, hain zuzen ere.

Maiatzean, Mikel Karrera Sarobe, 'Ata', presoa ere Lannemezanera eraman zuten. Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak orduan azaldu zuenez, "administrazio auzitegi eskudunak emandako ebazpena betez" gerturatu zuten Karrera.

Orain arte Moulins-Yzeureko kartzelan zegoen Iriondo; bere jaioterritik, Lasarte-Oriatik, 808 kilometrora.

2008an Frantziako Pirinioetan atxilotu zuten, Froilan Elespe zinegotzi lasartearraren hilketarekin zerikusia zuelakoan, eta Espainiako Justiziak euroagindua eman zuen haren aurka.

Gainera, Aritz Arginzonizekin batera, 2007an Estrasburgoko enpresa batean lapurreta egitea egotzi zioten. Han, mendiko materiala eta lehergaiak egiteko erregaia lapurtu omen zituzten.

Aurretik ere, 2013ko martxoan, Frantziak 20 urteko espetxe zigorra ezarri zion, ustez ETAko buruzagietako bat eta hainbat atentaturen erantzule zelako.

Geroago, 2013ko apirilaren 23an, ETAren aparatu militarreko arduraduna zelakoan, bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten Parisen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua gaur