Politika -

Ihesaldi arriskua dagoelakoan

Arnaldo Otegiri askatasuna ukatu dio Auzitegi Nazionalak

Rafa Diez Usabiagaren inguruko erabakia maiatzaren 5ean hartuko dute. Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatzen du Otegi, Usabiaga eta ezker abertzaleko beste sei kiderentzat.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohia aske uztea ukatu du Auzitegi Nazionalak. Bateraguneren bidez legez kanpoko alderdia berrantolatzeko saiakera leporatzen dio Auzitegiak eta ihes egiteko arrisku "handia" dela-eta askatasuna ukatu dio. Rafael Diez Usabiaga LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia aske uztea edo ez maiatzaren 5ean aztertuko du Auzitegiak, prozedura berdinean.

Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel magistratuek horrela erabaki dute.

Otegiri eta beste hiru auzipeturi askatasuna ukatu die epaitegiak auto ezberdinen bidez: Arkaitz Rodriguezi, Sonia Jacintori eta Miren Zabaletari, epaiketa laster egingo denez ihes egiteko arriskua dagoelako.

Gainera, Diez Usabiagaren askatasunaren inguruan erabakitzeko maiatzaren 5ean bista bat egingo dela azaldu du Salak. Duela urtebete 30.000 euroko bermepean aske utzi zuen Baltasar Garzon epaileak, bere ama zaindu ahal izateko.

Otegik espetxean jarraitzeko duen auzi bakarra da, izan ere, apirilaren 20an aske utzi zuten ETAren finantzaketa (herriko tabernen bidez) ikertzen duen kasuan.

Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohiarentzat, Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohiarentzat eta ezker abertzaleko beste sei buruzagirentzat 10 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, legez kanpoko alderdia Bateraguneren bidez berrantolatzen saiatu izanagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea