Politika -

Eusko Jaurlaritza

Udaletako kontuak aurrekontuen negoziazioetatik bereizi behar direla dio Erkorekak

EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri eta PPri alkatetzaren bat kentzen badiete ere, ez lukete horregatik "Legebiltzarreko estrategia goitik behera baldintzatu behar".

Josu Erkoreka. Foto: Radio Euskadi
Josu Erkoreka
Josu Erkoreka. Foto: Radio Euskadi

Radio Euskadi | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea pozik agertu da EAJ eta PSE-EEk udal eta foru erakundeetan gobernatzeko akordioa berretsi izanagatik, "gizarteak babestu baitu alderdi biek batera egindako lana".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente inbestitzeko negoziazioen harira, "Madrili eskatzen diogu EAEko agendarekin bat etortzeko eta egiteke dauden transferentziak, inbertsio estrategikoak eta garapen ekonomikoari ekin diezaiola".

Hala ere, gobernu baten eta hurrengoaren arteko eteteak beti ondorio negatiboak dakartzala deitoratu du, eta horren ildotik, "Meritxell Batet Kongresuko presidente izendatua izan eta gero, solaskiderik gabe gelditu dela" salatu du. "Ez daukat nori deitu eskumenen transferentzien egutegiaren inguruko elkarrizketak berriro abiatzeko", gaineratu du. Bestalde, legealdiaren bermea lortzeko PSOEk dituen zailtasunen harira, "betoak eta lerro gorriak ertzera hurbildu eta Gobernuaren egonkortasuna aurkitzeko elkarrizketa sustatzea" aproposena izango litzatekeela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Larunbateko udalen osaketan EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri hamaika alkatetza kenduko dizkiola eta horrek abertzaleek aurrekontuak babesteko estrategian ondorioak izan ditzakeela ikusita, Erkorekak esan du "gauza batek ezin diola besteari kalte eragin". Horrenbestez, "oposizioaren proposamenak alderik alde entzuteko prest gaude, gutxiengoan gobernatzen dugulako", esan du. Hori horrela, "haserrealdia izan arren, udaletan larunbatean gertatzen dena Legebiltzarrean egingo dutenetik bereizi behar dute, ezin baitute Legebiltzarreko lana udalen osaketara baldintzatu", azaldu du.

Osakidetzako azken lan eskaintza publikoan izandako irregulartasunen inguruan eta Nekane Murga Osasun sailburua azterketen filtrazioen berri zuela dioten informazioen harira, Erkoreak "garrantzirik gabeko datua dela" esan du, "inoiz ez baita Osakidetzako epaimahaikide izan, eta orain dela 15 urte komentario bat egin bazuen ere, horrek ez du harremanik bere erantzukizun politikoarekin". "Ez gaude Watergate kasuan", gaineratu du. "Ulergarria da oposizioa espantuka ibiltzea, oinarri gabeko salaketak egiten, Legebiltzarreko jokoa baita, baina ez dezagun kontua senetik atera", azpimarratu du.

Euskaltel eta Zegonaren harira, "deserrotzeko beldurrak oinarrik ez duela" azaldu du. Hala ere, langileen urduritasuna ulertzen duela esan du. Ildo horretan, akordioak eta kontsentsua beharrezkoak direla azpimarratu du, "inork ez dezan uste proiektua soberan dagoenik". Horrenbestez, sustraitzea ziurtatuta dagoela esan du.

Kataluniako politiko independentisten Auzitegi Goreneko epaiketaren inguruan, berriz, "zaila da erabateko indarkeria adierazpena egon izana baloratzea. Bai, ordea, adierazpen puntualen bat, baina ez auzipetuek bultzatutakoak. Katalunian gertatutakoak ez du matxinada izateko garrantzirik ezta tamainarik ere", azaldu du.

Euskal gizarteak Kataluniako auziari ematen dion babesagatik galdetuta, Erkorekak "gertutasun, solidaritate eta injustizia irudipena badagoela" esan du, baina "zer gehiago egin dezakegu?", galdetu du. Horrenbestez, Kataluniako prozesuaren antzeko bidea jarraitzeko aukera baztertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza berriak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Irrati programazioa Hauteskundeak emaitzak M28 Eae-ko udal eta foru hauteskundeak