Politika -
Voxen mitina Bilbon
Eusko Jaurlaritza: 'Ertzaintza profesionaltasunez aritu zen Voxen aurkako protestan'
Beltran de Heredia sailburuaren esanetan, Ertzaintza "profesionaltasunez eta zorroztasunez" aritu zen joan den apirilaren 13an, Bilbon, Voxen mitin baten aurka izandako protestan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren esanetan, Ertzaintza "profesionaltasunez eta zorroztasunez" aritu zen joan den apirilaren 13an, Bilbon, Voxen mitin baten aurkako protestan. Halaber, barne ikerketa zabalik jarraitzen duela onartu du, 19 urteko emakume bat zauritu baitzen, Ertzaintzaren foamezko jaurtigai batek jota.
Horrenbestez, Beltran de Herediak Ertzaintzaren jardunbidea defendatu du Eusko Legebiltzarrean eta Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren galderei erantzun die. Zauritutako emakumea ospitalera eraman zuten, masailezurra apurtuta zuelako.
Protestan modu baketsuan edo indarkeriaz parte hartu zutenen artean Ertzaintzaren "bereizteko" gaitasuna zalantzan jarri du Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak. Bestalde, foamezko jaurtigailuak erabiltzaren arriskuaz ere ohartarazi du Arzuagak.
Edurne Garcia Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen esanetan, Ertzaintzak testuinguru "konplexu" bati aurre egin behar izan zion, baina "horrek ez du dena justifikatzen". Bestalde, liskarrei aurre egiteko Ertzaintzak erabilitako material berri horrek zaurituak eragiten dituen lehen aldia izan dela azpimarratu du, eta hortaz, Jaurlaritak "kontu eman" behar duela esan du.
Beltran de Herediaren ustez, istiluen "larritasuna eta indarra" ikusita, "beharrezkoa" izan zen foamezko jaurtigaien erabilera. Ertzaintzak azken urteotan erabilitako gomazko piloten ordez erabiltzen ditu orain foamezko jaurtigaiak.
Izan ere, gogora ekarri du Voxen aurkako protesta ekitaldian parte hartu zutenetako batzuek harriak eta bengalak bota zizkietela ertzainei, eta kalte garrantzitsuak eragin zituztela, besteak beste autobus batean.
Sailburuak onartu egin du, bestalde, 19 urteko gazte bat zauritu zutela, foamezko jaurtigai batek masailezurrean kolpatu zuelako. Horregatik, Beltran de Herediaren hitzetan, ertzain batek artatu behar izan zuen. Agenteak anbulantzia bat eskatu zuen , eta ospitalera eraman zuten. Gazteak, baina, zera esan zuen salaketa jarri zuzenean: "Ertzain batek aurpegira bota dit jaurtigaia, hamar metro baino gutxiagoko distantzia batetik".