Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Espetxean sartu dute larunbatean Iruñean atxilotutako ustezko jihadista
Auzitegi Nazionalak bermerik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio, terrorismoa goratzea eta borroka jihadista bultzatzea egotzita. Lehen ere kartzelan egona da delitu berdinengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak bermerik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri zion larunbatean Iruñean, bere kamioian, atxilotu zuten ustezko jihadistari. Terrorismoa goratzea eta borroka jihadista bultzatzea leporatzen diote, eta aurrez hiru urtez delitu berdinengatik espetxean egondakoa da.
Atxiloketa larunbatean gertatu zen Iruñea kanpoaldeko Soltxateko industrialdean. Atxilotu zutenean, gizona kamioiaren barruan zegoen. Antza denez, batetik bestera mugitzeko ez ezik, kamioia bere bizileku ere bazen.
Tona asko garraiatzeko kamioiaren barruan, ordenagailua eta eskuko telefonoak aurkitu zituzten. Ikertzaileen ustez, Interneteko hainbat profil baliatzen zituen bere jarraitzaileak atentatuak egitera bultzatzeko.
Aurretik ere eraman dute inoiz Auzitegi Nazionalera. Izan ere, aurrez hiru urteko kartzela zigorra bete zuen jihadismoagatik.