Politika -

Apirilaren 13an gertatu zen

Voxen mitinaren aurkako protestagatik auzipetuak: 'Guztia faltsua da'

"Protesta baketsua" izan zela azpimarratu dute bost emakumeek, eta defentsa-eskubidea aurrera eramateko zailtasunak salatu dituzte.

Ernai, Bilboko mugimendu feminista eta Sare Antifaxistaren agerraldia. Irudia: Ernai
Ernai, Bilboko mugimendu feminista eta Sare Antifaxistaren agerraldia.
Ernai, Bilboko mugimendu feminista eta Sare Antifaxistaren agerraldia. Irudia: Ernai

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vox alderdiak mitina eman zuen apirilaren 13an Bilbon. Ekitaldi politikoa hasi baino lehen istiluak izan ziren Bizkaiko hiriburuan. Bost emakume atxilotu zituzten. Akusazioak errefusatu dituzte emakumeek asteazken honetan. "Protesta baketsua" izan zela ziurtatu dute bost emakumeek, eta defentsa-eskubidea aurrera eramateko zailtasunak salatu dituzte.

Ernaik, talde feministek eta Sare Antifaxistak deituta, ehunka pertsonak elkarretaratzea egin zuten Euskalduna Jauregiaren aurrean, Santiago Abascal VOXeko buruzagiaren mitina hasi baino ordu eta erdi lehenago.

Istiluetan Ertzaintzak bost emakume atxilotu zituen. Horietako batek "guztia faltsua" dela ziurtatu du. Poliziak esku hartzeko justifikaziorik ez zela izan erantsi du Etxanizek.

Elkarretaratzean parte hartu zuten hiru erakundeek agerraldia egin dute gaur. "Harriak, botilak eta torlojuak jaurti" zituztenik ukatu du Etxanizek. Akusazio horiek "faltsuak" direla errepikatu du; izan ere, "protesta baketsua" izan zen. Errugabetasuna demostratzeko lanean ari direla gaineratu du.

Zentzu horretan, defentsaren abokatuek zenbait bideo ikusteko aukerarik izan ez dutela salatu du Etxanizek. Ertzaintzak, ostera, komunikabideetako eta jauregiko kameren bideoak dituela kritikatu du auzipetuak.

Ernaik, Bilboko mugimendu feministak eta Sare Antifaxistak auzipetuei elkartasuna adierazi diete

"Bost zauritu eta atxilotuen aurkako" prozedura judiziala instrukzio fasean dago, eta ondorioz, oraindik ez dute epaiketa hasteko datarik finkatu.

Ernaik, Bilboko mugimendu feministak eta Sare Antifaxistak auzipetuei elkartasuna adierazi diete. "Edozein eraso edo probokazio faxistari irmo erantzuteko dei" egin dute eragileek.

Apirilaren 13an Voxen ekitaldi politikoari "erantzuna" emateko kalera atera zirela argudiatu dute. "Probokazio argia" izan zela uste dute.

"Euren asmoa ez zen Euskal Herrian kanpaina egitea, hemen zirikatu Espainian botoak lortzeko baizik", salatu dute.

Horregatik, Ertzaintzaren "errepresio gogorra" gaitzetsi dute. "Erantzun antifaxistak kaleak hartu zituen probokazio faxisten aurrean", berretsi dute.

"Ertzaintzaren jarrera eta indarkeria" salatu dute agirian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Ertzaintza Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Manifestazioak Feminismoa Vox