Politika -
Gutun batean
Presoen askapenean aholkua eskaini dio Zapaterori Currinek
Gobernuko presidenteari lehen gutuna martxoan igorri zion nazioarteko bitartekarien taldeak eta "amnistia" gaietan aholkularitza eskaini zioten.
Erredakzioa
Lehen gutuna martxoan igorri zioten Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteari Brian Currin Hegoafrikako abokatuak eta nazioarteko bitartekarien taldeak. Gutunean, ETAko "presoen askapenean" eta "amnistia" gaietan aholkularitza eskaini zioten Zapaterori. Era berean, "Poliziak kontuak eman eman behar ditu", bitartekarien esanetan, eta horretan duten eskarmentua eskaini diote Espainiako Exekutiboaren buruzagiari.
"Bake-prozesu barneratzaile berri baten" itxaropena helarazi zioten gutunean. Horrela, "gatazka horretan sekula beste biktimarik ez izatea ziurtatuko luketelako".
Taldeko iturriek jakitera eman dutenez, Moncloako Jauregira igorri duten gutun bakarra horixe izan da. Mezu berdina Patxi Lopez lehendakariari eta Miguel Sanz Nafarroako presidenteari bidali zioten eta baita alderdi politikoei ere. Bertsio ezberdinak bidali zizkieten testuan zenbait aldaketa egin zituztelako.
Bigarren gutuna
Zentzu horretan, iturri berdinen arabera, atzo zenbait komunikabidetan argitaratutako bigarren gutuna tribuna ireki bat baino ez zen izan. Helburua presidenteari zuzentzea prentsaren bidez, ohiko baliabidea komunikabide anglosaxoietan, ''editorial opinion'' izenburupean.
Lehen gutuna Pretorian (Hegoafrika) idatzi zuten martxoaren 21ean eta hiru orrialde eskas zituen. Silvia Casale, Pierre Hazan, Ray Kendall, Baronesa Nuala O''Loan, Alberto Spektorowski eta Brian Currin nazioarteko bitartekari taldeko kideek sinatu zuten.
Gobernuko iturriek azaldu dutenez, lehen gutun horri erantzun zion Exekutiboak, "adeitasunezko erantzun bat emanez", baina bitartekariek ez dute informazio hori baieztatu.