Politika -
Euskobarometroa
EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, orain baino bi eserleku gehiagorekin (30)
Jeltzaleek gehiengo osoa lukete PSE-EErekin (14 legebiltzarkide, bost gehiago) gobernu akordioa lortuta. EH Bilduk ordezkari bat irabaziko luke; Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, 5 eta 3 galdu.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hauteskunde autonomikoak gaur egingo balira, EAJk berriro irabaziko lituzke, 30 legebiltzarkiderekin (gaur egun dituenak baino bi gehiago), azken Euskobarometroaren arabera. Igoera horri esker, gehiengo osoarekin (38 ordezkari) gobernatzeko aukera edukiko lukete jeltzaleek, sozialistekin duten koalizio gobernuari eutsita. Are, PSE-EErentzat ere igoera aurreikusi du EHUren inkestak: 9 legebiltzarkide izatetik 14 izatera pasatuko litzateke (bost gehiago). Hori horrela, Legebiltzarreko hirugarren indarra izango lirateke sozialistak, Elkarrekin Podemosi aurrea hartuta.
EH Bilduk ere babesa handituko luke, eserleku bat gehiagorekin (19, guztira). Elkarrekin Podemosek eta PPk, aldiz, atzera egingo lukete: bost eta hiru jarleku gutxiago (seina).
Boto asmoari buruzko inkesta maiatzaren 28tik ekainaren 19ra egin zuen EHUren Zientzia Politikorako Sailak. Francisco Jose Llerak zuzendutako taldeak 1.200 galdeketa egin zituen EAEko herritarren artean.
EAJren igoera
Euskobarometroaren arabera, EAJk botoen % 39, 4 eskuratuko luke, 30 eserleku. 2016ko emaitzak hobetuko lituzkete jeltzaleek, gaur egun baino bi legebiltzarkide gehiago eskuratuta.
EH Bilduk bigarren lekuari eutsiko lioke, botoen % 22,8rekin eta 19 ordezkarirekin (gaur egun baino bat gehiago).
PSE-EEk babesa handituko luke hauteskundeak gaur egingo balira, eta hirugarren indar izango litzateke berriro. Inkestaren arabera, botoen % 18,1 eta 14 jarleku lortuko lituzke (bost gehiago).
EHUko inkestak jasotzen duenez, jeltzaleek sozialistekin zein koalizio abertzalearekin osa lezake gobernua, biekin gehiengo osoa aise gaindituko luke eta (PSE-EErekin, 44 ordezkari; EH Bildurekin, 49).
Elkarrekin Podemosen eta PPren boto galera
Elkarrekin Podemosek, ordea, behera egingo luke. Botoen % 9,6rekin, sei legebiltzarkide eskuratuko lituzke (gaur egun 11 ditu).
Ordezkari kopuru bera (6) lortuko luke Alderdi Popularrak ere (botoen % 7,4), aurreko bozetan izandako beheranzko joerarekin jarraituta. Dena dela, Araban, Elkarrekin Podemosekin lehiatuko litzateke laugarren postua eskuratzeko: PPk lau eserleku eta botoen % 14,9 lortuko luke; koalizio moreak bi legebiltzarkide eta botoen % 10,8.
Azkenik, Ciudadanosek (Cs) eta Voxek ez lukete Legebiltzarrean ordezkaritzarik lortuko (botoen % 1 eta % 0,5, hurrenez hurren).
Parte hartzea % 65ekoa izango litzatekeela aurreikusi du Euskobarometroak.
Inkesta erantzun duten herritarren % 80k diote argi dutela nor bozkatu; zalantzatien portzentajea % 15koa da.