Politika -
Auzitegi Nazionala
Planchuelo GALen azken auzitik absolbitu dute
Epaiak dio Segundo Mareyren bahiketagatik jada jaso duela zigorra eta 'Batzoki' eta 'Consolation' tabernen aurkako erasoetan parte hartu zuen frogarik ez dagoela.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak GALen azken auzitik absolbitu du Miguel Angel Planchuelo Bilboko Polizia buru ohia. Segundo Mareyren bahiketagatik jada zigorra jaso zuela dio epaiak eta hortaz, ezin dela "berriro epaitu".
Talde armatuko kide izatea eta sei hilketa saiakera egotzi zizkioten Planchuelori, 1986an Baionako Batzoki eta Donibane Lohizuneko Consolation tabernetan suzko armak erabiliz egindako atentatuak bultzatu zituelakoan.
GALen kontrako Herri Akusazioak 99 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen polizia ohiarentzat, Iparraldeko tabernen aurkako atentatuak egiteko aginduak eman zituela egotzita.
Planchuelok, berriz, errugabea zela esan zuen epaiketan. Horrez gain, 1983an Espainiako Gobernuak Segundo Mareyren bahiketa agindu zuela ziurtatu zuen. 1998an bahiketa horregatik epaitu zuten eta bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.