Politika -

INBESTIDURA

Maria Chivite Nafarroako presidente izendatu dute bigarren bozketan

PSN, Geroa Bai, Podemos eta Ezkerraren babesa jaso du sozialistak, eta baita EH Bilduko bost parlamentariren abstentzio erabakigarria ere. Presidente hautetsiak asteartean jabetuko da karguaz.

Maria Chivite Nafarroako presidente izendatu ostean. Argazkia: EEE/Villar Lopez
Maria Chivite Nafarroako presidente izendatu ostean.
Maria Chivite Nafarroako presidente izendatu dute

2:21

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite hautagai sozialista Nafarroako presidente izendatu dute gaur. Atzoko saioan ez zuen Nafarroako Parlamentuaren babesa lortu, eta gaur arratsaldean egin den bigarren bozketa behar izan du. Gehiengo soilarekin eta EH Bilduren bost parlamentariren abstentzioarekin aukeratu dute.

19:15ak aldera hasi den bozketan, gehiengo soila behar zuen hautagaiak presidente izendatua izateko (ezezko botoak baino baiezko gehiago). PSN (11), Geroa Bai (9), Podemos-Ahal Dugu (2) eta Izquierda-Ezkerra (1) alde agertu dira, EH Bilduko zazpi legebiltzarkideetatik bost abstenitu egin dira eta bik ezezkoaren alde egin dute, eta Navarra Sumak kontra bozkatu du. Horrela, aldeko 23 boto, 5 abstentzio eta kontrako 22 boto jaso ditu.

Besteak beste, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria; Santos Cerdan diputatu sozialista eta PSOEko Lurralde Koordinaziorako idazkaria; Andoni Ortuzar EBBko presidentea; Ruth Goñi Ciudadanoseko senatari nafarra eta Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOren idazkari nagusia inbestidura saioan izan dira.

Maria Chivite Nafarroako presidente den hirugarren emakumea da, Yolanda Barcina UPNko presidente ohiaren (2011-2015) eta Uxue Barkos Geroa Baiko buruzagi eta oraindik jarduneko presidentearen (2015-2019) ondotik.

Era berean, Foru Erkidegoko presidente izatera heldu den PSNko hirugarren militantea da, Gabriel Urralburu (1984-1991) eta Javier Otanoren (1995-1996) ostean.

23 urte pasa dira Nafarroak PSNko azken presidentea izan zuenetik, eta 12 urte Fernando Puras koalizio gobernu "anitz eta aurrerakoi" bat osatzen saiatu zenetik.

"Nafarroako eraikitzeko lana" eta "batez ere elkarbizitzeko elkarrizketa" agindu ditu Chivitek

Chivitek "lana eta elkarrizketa" agindu ditu. Presidente izendatu ondoren egin dituen adierazpenetan, Chivitek Ganberan emandako babesa eskertu die PSN, Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrari: "gure erkidegoa hobetzeko botoak eman dituzte".

Zentzu horretan, programa baten inguruan "akordioetara heltzeko beti eman duten babesa eta izan duten borondatea" eskertu die Chivitek, Nafarroan "desberditasun" sozial eta ekonomikoa "bukatzeko, eta eraikitzeko".

Nafarroako presidente hautetsiak asteartean jabetuko da karguaz. "Nafarroako eraikitzeko lana" eta "batez ere elkarbizitzeko elkarrizketa" agindu ditu.

Koalizio Gobernuak 13 kontseilaritza izango ditu, horietako 8 PSNk zuzenduko ditu, Geroa Baik lau eta Podemosek bakarra. Ezkerrak Exekutiboan parte hartzea baztertu du.

Uxue Barkosen eta Maria Chiviteren arteko besarkada Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Uxue Barkosen eta Maria Chiviteren arteko besarkada Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Maria Chivite sozialista babestu duten indarrak "demokraziari egindako traizioa ospatzen ari dira", salatu du Carlos Perez-Nievas Navarra Sumako parlamentariak. "Ez dute ospatzeko ezer", Nafarroak ez diolako presidente gisa botoa eman, "inolaz ere", ziurtatu du.

"Guztientzako ona" izango den "gobernu aurrerakoi eta anitza aurrera ateratzea lortu izanagatik pozik" agertu da Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentari bozeramaileak.

Inbestidurarekin "ez da ezer bukatzen", orain hasten da "benetako lana", ziurtatu du Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak.

EH Bilduk emandako hitza bete duela gogorarazi du Araizek osoko bilkura amaitu denean; izan ere, bost parlamentario abstenitu dira eta bik aurkako botoa eman dute; horrek Chiviteren inbestidura ahalbidetu du.

Inbestidurarekin "ez da ezer bukatzen", orain "hasten da benetako lana", adierazi du Araizek. PSNk "hitzetatik egitateetara pasatzeko gai dela demostratu behar du", erantsi duenez.

Araizen ahotan, EH Bildu "oposizioan egongo da, beharrezkoa denean irmoa izango da, eta konstruktiboa beharrezkoa denean".

Maria Chivite, hunkituta, Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean. Argazkia: EFE

Maria Chivite, hunkituta, Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean. Argazkia: EFE

Mikel Buil Podemoseko parlamentari bozeramaileak Maria Chivite sozialista eta Nafarroako gizarte progresista guztia zoriondu ditu. Builen esanetan, "erraietako" eskuin "oso haserreak jokoa emango" du datozen lau urteetan.

Nafarroako presidente hautetsia zoriondu du Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak. "Arratsalde honetan, edozelan ere, demokraziak irabazi du, prozedura guztiz demokratiko baten emaitza izan delako", azpimarratu du.

Inbestidurako lehen saioan, Maria Chivitek ez zuen presidente izateko Nafarroako Parlamentuaren babesa lortu. Lehen bozketan, Chivitek aldeko 23 boto jaso zituen eta kontrako 27. PSNk (11), Geroa Baik (9), Podemos-Ahal Duguk (2) eta Izquierda-Ezkerrak (1) presidentegai sozialista babestu zuten; Navarra Sumak (20) eta EH Bilduk (7), aldiz, aurkako boza eman zuten.

Inbestidura hitzaldian, Maria Chivitek elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko deia egin zuen, "elkarbizitzan aurrera egiteko" eta "bereizten gaituen pluraltasuna eta aniztasuna arma gisa ez erabiltzeko, balio erantsi bezala baizik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroako Alderdi Albisteak Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan EH Bildu Araba Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Navarra Suma Nafarroako Gobernuko presidentea