Politika -

Nafarroako Gobernua

Nafarroaren esanetara dagoela eta bizikidetza 'erronka' duela esan du Chivitek

Nafarroako presidenteak garapen sozial eta ekonomiko berritzaile baten aldeko apustua egin du, baina erronka nagusi "zabala eta plurala den Nafarroan" bizikidetza posible egitea izango du.

Maria Chivitek Nafarroako presidente kargua sinatu du
Maria Chivitek Nafarroako presidente kargua sinatu du
María Chivitek hartu du Nafarroako Presidente kargua

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite sozialistak gaur, asteartea, hartu du presidente kargua Nafarroako Gobernuan. Kargu hartzean, besteak beste, Jose Luis Abalos eta Luis Planas Sustapen eta Nekazaritza ministroak eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan dira. Chivitek hitzeman du Nafarroako foru erregimena errespetatu eta hobetuko duela eta Konstituzioa, legeak eta eginbeharrak beteko dituela.

Ondoren, nabarmendu du presidente kargua hartzea "ohorea", "ardura" eta "erronka" dela, baina "aurrera egingo duen Nafarroa baten alde" lan egiteko aukera emango diola, betiere, "gainerako foru erakundeak errespetatuz".

Hain zuzen ere, garapen sozial eta ekonomiko berritzaile eta zuzen baten aldeko apustua egin du, baina erronka nagusi "zabala eta plurala den Nafarroan" bizikidetza posible egitea izango du.

"Nafarroa erkidego plurala izatea oso garrantzitsua da. Horregatik, pentsatzeko, sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko modu guztiak errespetatuko ditut, nafarrak askotarikoak garelako. Horretarako, bakea, memoria, egia eta justizia, alegia, oinarrizko printzipioak izango ditugu ardatz", aipatu du.

Halaber, ziurtatu du bere gobernuak "gizartearen ongizatea" bilatuko duela, "elkarrizketa eta akordioa" oinarri hartuta.

23 urte geroago, sozialisten esku geratu da Nafarroako Gobernua PSNren, Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Ezkerraren aldeko botoei eta EH Bilduren abstentzioari esker.

Nafarroako ereserkia entzun ostean, Foru Erkidegoko Presidentetzaren izendapenari buruzko Errege Dekretua irakurri dute, eta, ondoren, karguaren promesa egin du PSNko idazkari nagusi Maria Chivitek.

Amaitzeko, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Luis Planas ministroak eta Maria Chivite presidenteak hartu dute hitza.

Gobernu berria

Nafarroako Gobernuko bederatzigarren presidentea da Chivite, eta hauek izan dira aurretik karguan: Jaime Ignacio del Burgo (UCD), Juan Manuel Arza (UCD), Gabriel Urralburu (PSN), Juan Cruz Alli (UPN), Javier Otano (PSN), Miguel Sanz (UPN), Yolanda Barcina (UPN) eta Uxue Barkos (Geroa Bai).

Hain zuzen ere, koalizio-gobernu baten buru da. Guztira, 13 kontseilaritza izango ditu gobernuak; horietako 8 PSNk zuzenduko ditu, 4 Geroa Bairen esku geratuko dira eta azkena, Ahal Duguren kargu. Ezkerrak ez du gobernuan parte hartu nahi izan.

Bestalde, Javier Remirez sozialista izango da lehen presidenteorde, eta Jose Maria Aierdi (Geroa Bai) bigarren presidenteorde.

Kontseilari guztiek asteazken honetan hartuko dute kargua.

Planas: "Akordio zentzudun baten emaitza" da Chiviteren gobernua

Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak esan du gobernu berriaren osaketa "akordio zentzudun baten emaitza" dela, "lau indar politiko horien batuketak nafarren pluraltasuna islatzen baitu".

Nafarroaren izaera "plurala" nabarmendu du Hualdek

Unai Hualdek ere hitz egin du Maria Chiviteren kargu hartzean. Horren esanetan, nafarren artean pluraltasuna da nagusi, "eta horixe erakutsi dute botoek ere".

Chiviteren eginbeharraz hitz egin du Abalosek

Jose Luis Abalos Sustapen ministro eta PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, Maria Chivitek "erantzukizun garrantzitsua hartu du bere gain, Nafarroako presidente izango den heinean", baina "zentralitateari eutsi beharko dio", azpimarratu du.

Abalosek babes osoa agertu dio Chiviteri, "bizikidetzaren eta elkartasunaren alde" egin beharko duen lana gogoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu PSN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite