Politika -

Nafarroa

Chivitek 'pazientzia' eskatu die 13 kontseilariei, 'une gogorrak' izango direlako

Kontseilariak eguerdian jabetu dira karguaz. Zortzi PSNkoak dira, lau Geroa Bairenak, eta bat Ahal Duguk izendatua.

Nafarroako 13 kontseilariak kargu hartze ekitaldian. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Nafarroako 13 kontseilariak kargu hartze ekitaldian.
Sei emakumek eta zazpi gizonek osatuko dute Nafarroako Gobernu berria

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak "pazientzia" eskatu die bere 13 kontseilariei legegintzaldian "une gogorrak" egongo direla ohartarazita. Dena dela, ziur da "asebeteko gaituzten beste hainbat kontu ere izango ditugula".

Nafarroako Gobernu berria osatzen duten 13 kontseilarien kargu-hartzean egin ditu adierazpenok Chivitek, gaur ere gaztelera hutsean. "Guztion artean jendearen bizitza hobetzeko gai bagara, egindako ahalegina eta emandako pausoa merezi izango du", adierazi du.

Buruzagi sozialistak esker oneko hitzekin abiatu du hitzaldia: "Eskerrak eman nahi dizkizuet proiektu honen parte izan nahi izateagatik. Nafarroa berritzaile, berdinzale eta anitz horrekin konpromisoa agertzeagatik".

Presidenteak gogorarazi duenez, alderdi ezberdinek osatzen dute koalizio gobernua. Chiviteren ustez, "alderdi bakoitzak bere begiradarekin aberasten ditu politika publikoak, eta gobernuan dagoen aniztasun hori gizartearen isla da. Nafarroako gizarte plural horrek errespetua eta elkarri entzutea eskatzen digu".

Kontseilariei hiru alderdiek adostutako legegintzaldiko akordioa beti presente edukitzeko aholkatu die Chivitek. "Erabakiak hartzen lagunduko dizue, baita une zailetan indarrak hartzeko ere. Energia eta indarra emango diezue hasierako ilusio eta sendotasun honekin jarraitzeko", nabarmendu du.

Kargu-hartze ekitaldia Nafarroako Jauregiko areto nagusian izan da. Bertan, kontseilarien senitartekoek eta Nafarroako hainbat agintarik eta ordezkarik hartu dute parte. 13 kontseilarietatik zazpik euskaraz egin dute zina.

Aierdi eta Ollo, berriro gobernuan

Esan bezala, guztira, 13 kontseilari izango dira Nafarroako gobernu berrian: zazpi gizonezko eta sei emakumezko. Departamentu horietako zortzi PSNk zuzenduko ditu, Geroa Baik lau eta Nafarroako Ahal Duguk bat. Ezkerrak ez du gobernuan parte hartu nahi izan.

Kontseilari guztiek gaur egin dute zina, hots, Maria Chivitek presidente kargua hartu eta biharamunean. Presidente berriak "nafar guztientzat" gobernatuko duela hitzeman zuen atzo. Kargua hartu ondoren, departamentuen banaketa eta kontseilarien izendapenak jasotzen dituen foru dekretua sinatu zuen.

Horrela, Javier Remirezek (PSN) Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua zuzenduko du, eta Gobernuko presidenteordea izango da. Jose Maria Aierdi (Geroa Bai) Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren buru izango da, baita bigarren presidenteorde ere.

Bestalde, Bernardo Cirizaren esku geratuko da Lurralde Kohesiorako Departamentua, eta Elma Saizen esku, Ekonomia eta Ogasuna. Biak ala biak alderdi sozialistak proposatu ditu.

Manu Ayerdiri (Geroa Bai) dagokionez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua zuzenduko du, orain arte bezala. Nafarroako Ahal Duguk, berriz, Eduardo Santos izango du ordezkari Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuan, eta Carlos Gimeno (PSN) Hezkuntzaz arduratuko da.

Aipatzekoa da, halaber, Mari Carmen Maezturen alde egin dutela sozialistek Eskubide Sozialen Departamentua zuzentzeko. Bien bitartean, Santos Indurain Osasun Departamentuko buru izendatu dute.

Bukatzeko, Ana Ollok (Geroa Bai) orain arteko karguari eutsiko dio, alegia, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilari izango da, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko buru, berriz, Juan Cruz Cigudosa. Bukatzeko, Itziar Gomez (Geroa Bai) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari izango da, eta Rebeca Esnaola (PSN), Kultura eta Kirol Departamentuko titularra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Podemos Ahal Dugu Nafarroa María Chivite