Politika -
Auzitegi Nazionala
Epailea preso ohiei egindako ongietorriak ikertzen ari da
Ongietorriak uztailaren 27an eta 28an egin zituzten Hernanin eta Oñatin, eta ondoren AVTk, Covitek eta Voxek Auzitegi Nazionalaren aurrean salatu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegi Zentrala ETAko preso ohiei Hernanin eta Oñatin (Gipuzkoa), uztailaren 27an eta 28an, egindako ongietorriak ikertzen ari da, eta Guardia Zibilari txosten zabalago bat eskatu dio, deitzaileak zehazteko.
Auzitegi Nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez, Jose Luis Calama magistratuak erabakia hartu du, Fiskaltza ekitaldiak ikertzearen alde agertu ondotik. Ustez terrorismoa goratzeagatik ongietorriak ikertzea eskatu zuen fiskalak, baita txosten zabalago bat ere.
Ongietorriak uztailaren 27an eta 28an egin zituzten Hernanin eta Oñatin, eta ondoren Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT), Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (Covite) eta Voxek Auzitegi Nazionalaren aurrean salatu zituzten.
Jose Javier Zabaleta Baldo ETAko buruzagi ohiari ongietorria egin zioten Hernanin, Zuerako (Zaragoza) espetxean 29 urteko kartzela-zigorra bete ondoren. Oñatin, Xabier Ugarte Villarri harrera egin zioten, 22 urteko zigorra Topaseko (Salamanca) kartzelan bete ondotik. Ugartek Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan parte hartu zuen.