Politika -

G7 GOI-BILERA

G7aren aurkako protestetan atxilotutakoak askatzeko eskatu dute Hendaian eta Baionan

Hiru pertsona atxilotu dituzte motxiletan harriak eramateagatik. Guztira, Poliziak 88 pertsona atzeman ditu asteburu honetan G7aren kontra egindako izandako protestetan.

17:00etan izan da protesta elkarretaratzea Baionan. Argazkia: Oihane Justos | Euskadi Irratia
17:00etan izan da elkarretaratzea Baionan.
Ostiraletik atxilotutako 88 manifestariren askatzea eskatu dute ehunka pertsonak

1:23

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak Frantziako Poliziak Biarritzeko G7aren goi-bileraren kontrako protestetan atxilotutako pertsonak askatzea eskatu dute, Hendaian egindako manifestazio batean eta Baionan egin duten elkarretaratze batean.

Eguerditik aurrera, dozenaka pertsona Hendaian bildu dira, atxiloketen kontra protestatzeko. Atxilotuak askatu lelopean egin dute martxa, G7aren kontrako oihuen artean eta Poliziak lagunduta.

Arratsaldean, 50 bat pertsona bildu dira Baionan atxiloketen aurka. Lasai joan da elkarretaratzea, dozenaka polizia agenteren zaintzapean. Gainera, Lapurdiko hiriburuko zubiak itxiki ditu Poliziak, eta kalean giro lasaia egon arren, segurtasuna indartu du.

Hiru gazte motxiletan harriak eramateagatik atxilotu dituzte. Helburu biolentoekin antolatutako bilkuretan parte hartzea, arma bezala erabil daitezkeen objektuak izatea, aurpegia tapatzea identifikatuak ez izateko eta Poliziaren aurka gauzak jaurtitzea leporatzen diete.

Guztira, 88 pertsona atxilotu dituzte ostiraletik. Atxiloketa gehienak Baionan izan dira. Larunbatean baimenik gabeko manifestazio bat egin zuten, eta Poliziak sakabanatu zuenean istiluak izan ziren. Urruñan ere atxiloketak egin dira, gailurraren aurkakoen kanpalekuan.

Gainera, G7 Ez plataformak "atxiloketa arbitrarioen" eta "Euskal Herriaren militarizazioaren" kontrako elkarretaratzea deitu du, astelehenean, 20:00etan, Moskun (Irun).

Larunbateko protesta gehienak, bertan behera

Atzo, 15.000 pertsonak bat egin zuten G7aren presentzia salatzeko eta "beste mundu bat posible" dela aldarrikatzeko Hendaiatik Irunera egindako manifestazioan. Igande honetan, G7aren aurkako hainbat protesta zeuden deituta, baina Bizi mugimendu ekologistak deitutako "erretratuen protesta" bakarrik egin dute, azkenean, 10:00etan, Baionan, G7 EZ eta AlternativesG7 plataformek euren protesta guztiak bertan behera utzi ostean.

Azken horiek 7 deialdi zituzten gaurko, baina "Poliziaren lekuz kanpoko jarrera dela eta", aldatu egin zituzten deialdiak eta bakarra utzi zuten gaur goizerako, ezin zutelako "parte-hartzaileen segurtasuna bermatu".

Bart komunikabideei igorritako ohar batean honela azaldu zuten erabakia: "Lekuz kanpoko polizia dispositiboa dela eta, plataformek baloratu dugu ezin ditugula ekimenean parte hartuko duen jendearen segurtasunerako gutxieneko baldintzarik bermatu". "Herri harresi gisako mobilizazio bat egingo dugu Euskal Herriak bizi duen setio egoera eta manifestatzeko eskubide urraketa salatzeko asmoz".

Azken orduetan Poliziak izan duen jarrera ikusita, baina, mobilizazio hori ere bertan behera uztea erabaki dute eta hala eman dute jakitera Angelun emandako prentsaurrekoan.

angelu

G7 Ez plataformako kideak Angelun, gaurko protestak bertan behera geratu direla iragartzen. EFE

"Erretratuen martxa" egin dute goizean Baionan

Igande honetan egin den protesta bakarra, beraz, Baionan Alternatibak, ANV-COP2k eta Bizik deitutako ekimena izan da. 900 bat pertsonak manifestazioa egin dute Baiona erdialdetik, hainbat udaletatik hartutako Emmanuel Macron presidentearen argazkiak (128) buruz behera jarrita, haren ingurugiro politikak salatzeko.

baiona

Protesta Baionan. Argazkia: EFE

Azken hilabeteetan aurpegia bistan eta modu baketsuan kendu dituzte argazki horiek Frantziako hainbat udaletxetatik. Horiek utzitako hutsunearekin, Macron presidenteak ez duela aldaketa klimatikoari aurre egiteko politikarik salatu nahi dute. Hainbat ekintzailek isunak jaso dituzte eta kartzela-zigorra ere jaso dezakete.

Atxiloketak azken orduetan

Atzo istiluak izan ziren Baionan, ehunka lagun manifestazio bat egiten saiatu zirenean. Baimenik ez zuten, antza, eta Poliziak gas negar-eragilea eta ura bota zizkien. Istilu horien ondotik 68 pertsona atxilotu zituzten eta 38k komisarian pasa dute gaua.

Manifestarien eta Poliziaren arteko istiluak izan dira Baionan
Manifestarien eta Poliziaren arteko istiluak izan dira Baionan
Manifestarien eta Poliziaren arteko istiluak izan dira Baionan

1:12

Gaur goizean ere atxiloketak egiten jarraitu du Poliziak. Gutxienez pertsona bat atxilotu dute Baionan, eta sare sozialen bidez jakitera eman denez, Joseba Alvarez ezker abertzaleko eta G7 Ez plataformako kidea atxiki egin dute kontrol batean. Hendaiako komisariara eraman dute 01:00ak aldera, eta gaur eguerdian Behobian kanporatu dute poliziek, berak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea argazkiak Baionako albisteak Biarritz Eguneko albisteak Albisteak Protestak gaur G7 goi-bilera Italian