Politika -

M-22ko hauteskundeak

Bilduk Gipuzkoako eta Donostiako alderdiekin bilera sorta deituko du

Martin Garitano Gipuzkoako hautagai nagusiak eta Jose Carlos Izagirre Donostiako alkategaiak agerraldia egin dute Donostian, udal eta foru hauteskundeetako datuak baloratzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politiko guztiekin bilerak egingo dituela iragarri du gaur Bildu koalizioak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean gobernuak osatu ahal izateko.

Martin Garitano Gipuzkoako hautagai nagusiak eta Jose Carlos Izagirre Donostiako alkategaiak agerraldia egin dute Donostian, udal eta foru hauteskundeetako datuak baloratzeko.

Martin Garitanok azaldu duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin batzartu egingo direla iragarri du (PSE, EAJ, PP eta Aralar), Foru Aldundian gobernua osatu ahal izateko.

Bildu elkarrizketa sorta horretako buru izango da, Gipuzkoako lehen indarra izan delako.

Hala ere, Garitanok ez du zehaztu bilera sorta noiz hasiko duten. Gainerako alderdiekin datak zehazteko lanean ari direla gaineratu du, eta, horretarako, "ordu batzuk" beharko dituztela esan du. Bilduren oinarrietako bat "Euskal Herrian ireki den prozesu politikoa" izango da, Garitanoren hitzetan: "Bakea, normalizazio politikoa eta hiritar guztien eskubideei errespetua lortzeko agertokia eraikitzeko prozesu politikoa".

Ekimen politikoaren bigarren ardatza, Garitanok azaldu duenez, "Gipuzkoako kanpainan aurkeztu dugun programa garatzean oinarrituko da".

Bestalde, Juan Carlos Izagirrek adierazi du bihar bertan hasiko dituztela bilerak Donostiako alderdi guztiekin. Bilduk bere programa "mahai gainean" jarriko duela berretsi du Izagirrek. Herriak "aldaketa baten alde" egin duela nabarmenduko dute alderdi politikoekin egingo dituzten bileretan.

"Bilduk iragarritako aldaketa soziala eta politikoa nahi dutela argi utzi dute donostiarrek. 20 urtez politika eredu batekin bizi izan dira, eta orain aldaketa eskatu dute", azpimarratu du Izagirrek.

Donostiarrek "partehartzailea eta gardena den politikaren alde" egin dute, "norberaren kultura eta euskara bultzatuko dituena" eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren alde egingo duena.

"Ingurugiroa defendatuko duen politika nahi dute, eta, aurretik eztabaidatu ez diren makroproiektuen aurrean pertsonak lehenetsi egingo dituena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea