Politika -

Manifestazioa

Irailaren 14an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Etxeratek, 11/13 auziaren aurka

Irailaren 16an euskal presoen eskubideen alde lanean aritu diren 47 euskal herritar epaituko dituzte, eta, elkarteak, bere "elkartasuna eta burutako lanarengatik esker ona" adierazi die auzipetuei.

Irailaren 14an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Etxeratek. Argazkia: Etxerat
Irailaren 14an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Etxeratek.
Irailaren 14an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Etxeratek. Argazkia: Etxerat

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 16an euskal presoen eskubideen alde lanean aritu diren 47 euskal herritar epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, 11/13 auziaren baitan. Auzipetuen artean, euskal presoen abokatuak, bitartekariak eta Herrira, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetan ibilitakoak daude. Testuinguru horretan, Etxerat euskal presoen eta senideen elkarteak epaiketa horren aurkako manifestazioa deitu du irailaren 14rako, Bilbon, “konponbidean, bake iraunkorrean, berriz ez gertatzeko ziurtasunean eta bizikidetzan trabak jartzea suposatzen duelako”.

Etxeratek ohar batean deitoratu duenez, irailaren 16an “euskal preso politikoen eta haien senideen eskubideen alde” lan egin duten 47 pertsona epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, 11/13 auziaren baitan.

“Medikuak, abokatuak eta elkartasunez aritzen ziren herritarrak dira, Espainiako Gobernuaren oposizioaren aurrean bake prozesua aurrera eramateko konpromisoa hartu zuten pertsonak”, nabarmendu du elkarteak.

Gainera, 47 auziperatuen artean Etxerat elkartean lan egiten zuten bi senide aurkitzen dira. “Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriagari auzipetu zituzten, baina gutako edozeini tokatu ahal zitzaion beraien egoeran egotea”, ziurtatu du elkarteak.

Arrazoi horregatik, Etxeratek bere "elkartasuna eta burutako lanarengatik esker ona" adierazi die auzipetuei. "Oztopoak jarri arren, espetxeratutako gure senide presoei dagokien laguntza juridikoa irmotasunez eman diete eta, eragozpenen gainetik, gure senide gaixoei espetxez kanpoko mediku asistentzia eman diete", azpimarratu du elkarteak.

Etxerat-en iritziz, “euskal gizarteari inongo ekarpen positiborik ekartzen ez dion makroepaiketa izango da. Elkartasunaren kriminalizazioak, jazarpenak, prozesaketak eta duela 6 urtetatik 47 familiek bizi izan duten egoerak gure sufrimendu iraunkorra handitzeko besterik ez dira izan. Konponbidea, bakea, berriz ez gertatzeko ziurtasuna eta elkarbizitza lortzeko euskal gizartearen gehiengoak lana, esfortzua eta itxaropena jartzen duen bitartean honek bidean trabak jartzea suposatuko du”.

Gauzak horrela, datorren larunbatean Bilboko kaleak betetzeko “premiazko deia” egin dio Etxeratek euskal gizarteari, “horrela posible izan dadin konponbidearen bidean aurrera egitea eta sufrimendua atzean uztea”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Bilbo Presoak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Espetxeak