Politika -
Hauteskunde orokorrak
Ortuzar: 'PSOEk eta Podemosek norbere jarrera erabat nagusitzea nahi dute'
"Gobernu egonkor bat" lortu beharrean norbere alderdia indartzeko "eragiketa politikoa bilatzen ari dira", EAJko buruaren ustez.
eitb.eus | Radio Euskadi
"PSOEk eta Podemosek norbere jarrera erabat nagusitzea nahi dute", Andoni Ortuzar EAJren presidentearen arabera. Horrenbestez, litekeena da hauteskundeak errepikatzea, EBBko buruaren arabera, bi aste gelditzen baitira Kongresua desegiteko.
Ortuzarren esanetan, PSOEk eta Podemosek "ez dute beren jarreretan amore eman nahi, eta, ondorioz, ez dago negoziatzeko benetako aukerarik". Horren harira, Pablo Iglesiasekin izandako elkarrizketetan "aukera ezberdinak azaltzen saiatu da", Ortuzarren iritzian, baina egoera zaila dela adierazi du, "Madrilen ez baitute inoiz koalizioan gobernatu eta harri-koskor bat mendi bihurtzen dute". "Gobernu egonkor bat" lortu beharrean bakoitzak bere alderdia indartzeko "eragiketa politikoa bilatzen ari da", gaineratu du.
Halaber, "hauteskundeak berriro deitzeak ez du ezer konpontzen", esan du Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan, hauteskunde horien emaitzek ez baitute "Gorteetako osaketa aldatuko"; gainera, kanpainan PSOEren eta Unidas Podemosen arteko liskarra aurreikusi du. Bestalde, PPren abstentzioa "inkoherentzia barkaezina izango litzateke", azpimarratu du.
Halaber, hauteskunde berriek EAEn izan dezaketen eraginaren beldur dela esan du Ortuzarrek. "Alderdiek hauteskunde-kanpainan ez diogu ezer ematen aurkariari", eta, ildo horretan, "ez dut uste oposizioa aurrekontuak negoziatzen eseriko denik", gaineratu du.
Horrenbestez, "gutxieneko akordioa adosteko eremua ezartzeko" eskatu du. "EAEko alderdiek egoerari aurre egin behar diogu, eta babestu egin behar gara, atzeraldi ekonomikoa baitator", azaldu du.
Bukatu aurretik, Kataluniako Diadan PDeCATeko ordezkariekin izango dela aurreratu du Ortuzarrek.