Politika -

Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Memoria Historikoaren Legea aurkeztu dute

Frankismoko krimenen aurkako plataformak uztailean aurkeztu zuen testu bera erregistratu dute Legebiltzarrean.   

Jone Goirizelaia, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideen aurrean. Artxiboko argazkia: EFE
Jone Goirizelaia (EH Bildu), Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideen aurrean.
Jone Goirizelaia, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideen aurrean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Memoria Historikoaren Lege-proposamena erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean, frankismoko krimenen aurkako plataformaren eskariari erantzunez.

Joan den uztailaren 3an frankismoko krimenen aurkako plataformak Gasteizko Ganberara eraman zuen herri-ekimen legegilean oinarritzen da bi talde parlamentarioen lege-proposamena. Eusko Jaurlaritzak frankismoko biktimak aitortzeko lege bat egiteko asmoa zeukala ikusita, plataformak azkenean atzera bota zuen bere proposamena, baina orain EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek testu bera erregistratu dute Legebiltzarrean, plataformaren aldarrikapena lege bilakatzeko asmoz.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ohar bidez jakinarazi dutenez, Parlamentuko Mahaiak bihar bertan onartuko du lege-proposamenaren tramitazioa eta ekimena datozen asteetan eztabaidatuko dute osoko bilkuran.

Julen Arzuagak (EH Bildu) eta Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos) ezinbestekotzat jo dute Memoria Historikoaren Legea sortzea, frankismoko biktimak aitortzeko eta erreparatzeko. Biktima horiei "egia zor" zaiela eta edozein biktimari dagokion oinarrizko eskubideak bermatu behar zaizkiela erantsi dute.

Halaber, erregimen frankistari gorazarre egitea galaraztea eta krimen haien erantzuleak epaitzeko bidea irekitzea da lege-proposamenaren asmoa.

Horrez gain, Arzuagak eta Hernandezek EAJren jarrera gogor kritikatu dute, Memoria Historikoaren Legea sortzeko borondaterik inoiz izan ez duela salatuta. Ildo horretan, gogora ekarri du legealdi honetan auzi horri lotutako bi lege-proposamen bota dituela atzera: lehendabizikoa Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen eta frankismo garaiko epaiketak eta ebazpen judizialak baliorik gabe uztea eskatzen zuen; bigarrena, berriz, EH Bildurena zen eta memoria historiari buruzko lege integrala bat lantzea planteatzen zuen.

Frankismoko krimenen aurkako plataformak uztailean aurkezten zuen herri-ekimen legegilearekin ere EAJk gauza bera egin duela deitoratu dute: "Eusko Jaurlaritza lege-proiektu bat prestatzen ari dela esan zuten, baina hori aitzakia da; EAJk ez du inolako asmorik izan Memoria Historikoaren Lege bat lantzeko eta plataformak herri-ekimen legegilea aurkeztu duen arte ez du interesik erakutsi". "Jokaldia gaizki atera zaie", azpimarratu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Frankismoko biktimak aitortzeko lege-proposamenari ere EAJk ezetz esango balio, biktima horientzat "umiliazioa" izango litzatekeela ohartarazi dute bi taldeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Frankismoa Memoria Historikoa