Politika -
Ondorengotza PSOEn
Zapaterok iragarri du barne-hauteskundeak egingo dituztela
Gobernuko presidentearen esanetan, gaur goizean Patxi Lopezekin hitz egin du eta primarioekin ados agertu da. Atzo, PSE-EEko idazkari nagusiak ezohiko biltzarra egitea proposatu zuen.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak baztertu egin du Patxi Lopezek atzo egindako proposamena, hots, alderdiaren ezohiko biltzarra deitzea, eta bere ondorengoa barne-hauteskundeetan erabakiko dutela iragarri du.
Zapaterok Kongresuko pasilloetan egin du iragarpena, Alfredo Perez Ruabalcaba lehen presidenteordearekin eta Jose Bono Kongresuko presidentearekin batzartu eta gero.
Gobernuburuaren esanetan, gaur goizean Lopezekin hitz egin du, bere ''ibilbide orria'' azaltzeko, eta PSE-EEko idazkari nagusia ados agertu da.
Izan ere, Zapaterok adierazi du hauteskunde primarioak egitea "osasuntsua" izango dela.
Atzo, Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak ezohiko biltzarra egitea proposatu zuen. Proposamen horrek bi ondorio ekarriko lituzke: PSOEren egungo zuzendaritzak dimititzea eta barne-hauteskundeak ez egitea.
Lehendakariaren gertuko iturrien arabera, Zapaterok aitortu egin dio Lopezi "hausnarketa sakona" egin beharra dagoela, baina ezohiko biltzarra deitzea Alderdi Sozialistan "distortsioa" sortzea izango litzatekeela. Bere ustez, une honetan "beste larrialdi batzuk" konpondu behar dira, eta "kaltegarria" litzateke.
Dena dela, hausnarketa abiatzeko konpromisoa hartu du, barne-hauteskundeekin bateragarri dela uste baitu.
Ostiralean, bilera lurraldeetako idazkariekin
Ostiral honetan, hau da, PSOEren Batzorde Federalaren bezperan, Zapatero lurraldeetako idazkari nagusiekin batzartuko da, Jose Blanco alderdiko idazkariorde nagusiak deituta.
Egun horretan, Zapaterok entzun egingo ditu idazkarien ideiak, baina argi utzi du bere jarrera aski ezaguna dela eta "adostasun zabala" izango duela.
Lehendakaria ere hauteskunde primarioekin ados agertuko den galdetu diotenean, gobernuburuak baietz erantzun du.
Zapaterok Batzorde Federalean azalduko ditu hurrengo presidentegaia hautatzeko urratsak.
Zatiketa irudirik ez emateko hautagaitza bakarra adosteko aukeraz, PSOEko idazkari nagusiak adierazi du hori "alderdikideen esku" dagoela.
Nolanahi ere, Zapaterok nabarmendu du PSOEk "erantzukizuna" duela: "Alderdi demokratikoa da, eta erakutsi egingo dugu egun gutxi barru".