Politika -
Hauteskundeen ostean
Urkulluk dimititzeko eskatu dio Lopezi 'honek ez baitu gehiago ematen'
PPk Bildu erakundeetako gobernuetatik kanpo uzteko EAJri PSE-EErekin batera egin dion itun eskaintza "maltzurra" dela eta akordioak "edonorekin" egiteko prest dagoela esan du EAJko presidenteak.
Erredakzioa
Iñigo Urkulluk adierazi duenez, ez du EAEko hauteskundeak aurreratzea eskatu, lehendakariaren "dimisioa" baizik. Adierazpen horiek egin ditu EBBren presidenteak atzo Patxi Lopezek PSOEk lider berria aukeratzeko kongresua egitea eskatzeko egin zuen agerraldiaren ostean; izan ere, Urkulluren aburuz, "honek ez du gehiago ematen".
RNE-ri eskainitako elkarrizketa batean, EAJren presidenteak Patxi Lopezek Estatuko datuak bakarrik aztertu dituela salatu du eta PSOEren "emaitza txarren errua krisi ekonomikoak duela esan du".
Gainera, PSE-EEren presidenteak EAJri gobernuak sortzean eta herritarrek hauteskundeetan esandakoarekin "ardura" eskatu izana ere aipatu du Urkulluk. "Lehendakariaren dimisioa eskatzen dut, ez dut hauteskundeen aurrerapena eskatzen, lehendakariaren dimisioa baizik", azaldu du.
Horrez gain, Lehendakariak hautesleei errespetua eskatuz egin nahi duela aurrera salatu du Urkulluk, eta orain dela bi urte lehendakaritzarako hauteskundeak EAJk irabazi zituela gogorarazi dio.
Gainera, PPk atzo Bildu erakundeetako gobernuetatik kanpo uzteko EAJriPSE-EErekin batera egin dion itun eskaintza "maltzurra" dela esan du EAJkopresidenteak.
"Pozik egon beharko genuke ezker abertzalearen sentsibilitateak pausoak eman dituelako; izan ere, Bildun legezko egitura du, kanpainan legearen babesarekin aritu da eta jaso dituen emaitzak jaso ditu", esan du Urkulluk. Blokeen dinamika hautsi beharko litzatekeela esan du, eta herritarren hitza aintzat hartzera deitu du. EAJ akordioak edonorekin egiteko prest dagoela esan du.