Politika -

Viana Printzearen saria

Chivite: 'Espainiako errege-erreginak nahi dutenean etor daitezke Nafarroara'

Aurreko gobernuak erabakita, errege-etxearen ordezkaritza izan barik banatu dituzte sariok azken lau urteetan. Horri buruz duen asmoaz galdetu dio gaur Navarra Sumak.

Maria Chivite eta Espainiako erregea, Zarzuelan, asteartean. Argazkia: EFE
Maria Chivite eta Espainiako erregea, Zarzuelan
Maria Chivite eta Espainiako erregea, Zarzuelan, asteartean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, Espainiako "errege-erreginak nahi dutenean etor daitezke Nafarroara". Navarra Sumak egindako Viana Printzearen sari banaketari buruzko galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenak presidente sozialistak. Izan ere, aurreko gobernuak ekitaldira errege-etxea ez gonbidatzea erabaki zuen. Hala, "eztabaida faltsua" sortu nahi izatea egotzi dio eskuineko koalizioari.

Gogorarazi duenez, asteon bertan bildu da Felipe VI.arekin, eta "Estatuko erakunde guztiekin lan egiteko borondatea" azaldu dio.

Lauko gobernuak (Geroa Baik, Ahal Duguk, EH Bilduk eta I-Ek osatutakoa) sari banaketan errege-etxearen ordezkaritzarik ez egotea ebatzi zuen, 2015ean sinatutako akordio programatikoari jarraiki.

Aurrerantzean zer egingo duen galdetu dio gaur Parlamentuan Navarra Sumak. Chiviteren hitzetan, "erregea 2021eko Donejakue urtearen hasiera ekitaldira gonbidatu dugu, hori lantzen hasi garelako". Zehaztu duenez, oraindik ez diote Viana Printzearen sari banaketari buruzkoei heldu.

Nafarroako presidenteak kritika gogorrak egin dizkio Navarra Sumari: "Gobernu honi eraso egitearren, kapaz zarete erregea bera erabiltzeko. Uste zenuten errege-etxearekin ika-mikak izango genituela, baina ez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege-etxea Politika PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Navarra Suma María Chivite