Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Mendia: 'Urkullu oso urduri eta iparra guztiz galduta dago'
"Bildurekin zer egingo duen argitzea" eskatu dio EAJri Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. "Akordioak herriaren gobernagarritasunean oinarriturik egon behar" direla gogorarazi du Mendiak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EBBko presidentea "oso urduri eta iparra guztiz galduta" dagoela adierazi du gaur Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Lehendakariaren dimisioa eskatu du goizean buruzagi jeltzaleak eta adierazpen horiek kritikatu ditu Gasteizko Exekutiboaren bozeramaileak.
Justizia sailburuaren hitzetan, "oso kontraesankorra da, alde batetik, euskal sozialisten buruzagiaren dimisioa eskatzen du Urkulluk, eta bestetik, Madrilgo Gobernuaren ahultasuna aprobetxatu egiten du Patxi Lopezen Gobernuari eraso egiten jarraitzeko, izan ere, obsesio bat bihurtu da beretzako".
Mendia Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan elkarrizketatu dute. "Hiru aldundiak gobernatzen zituen alderdi batek azken hauteskundeetan bi galdu ditu", eta orain lehendakariaren dimisioa eskatzen du. Jeltzaleen jarrera horrekin harrituta agertu da Mendia. "EAJk ia ez du ordezkaritzarik Gasteizen eta Gipuzkoan bost udalerri baino gehiago ez ditu gobernatuko", erantsi du.
Gainera, "Bildurekin zer egingo duten argitzea" eskatu die jeltzaleei. Horrela, "Bildurekin itunik adostuko" ote duten argitzea eskatu dio EAJri.
Zentzu horretan, "akordioak herriaren gobernagarritasunean oinarriturik egon behar" direla gogorarazi du Mendiak. Adostasuna lortzeko "oinarrizko printzipio batzuk partekatzea beharrezkoa da eta Bilduk politika horiek babestea zaila ematen du, orain arte entzundakoaren arabera", gaineratu du.
"Pilota EAJren teilatuan dago"
"Hortaz, pilota EAJren teilatuan dago, Bildurekin fronte abertzalea osatu edo alderdi arduratsu bat izan eta herrialdearen egoera ekonomikoa hobetu erabaki behar dute jeltzaleek", esan du.
"Momentuz, EAJ ezkutaketan jolasten ari da akordio edo itun politikan", erantsi du. Mendiaren ahotan, "Gerenabarrenak eta Joseba Egibarrek Bildurekin akordioa lortu nahi dute".
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak duela astebete zuen babes berdina duela ziurtatu du bozeramaileak, "ondorioz, Exekutibaoren egonkortasuna bermaturik dago".