Politika -
Ekitaldia Bilbon
Oposizioa egin, baina akordioetara ere helduko dela esan du Podemos Euskadik
Kargudun publikoak Bilbon bildu ditu koalizio moreak larunbat honetan. Egoera ekonomikoa eta krisi ekonomiko berri baten zantzuak hizpide izan ditu Lander Martinezek.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan koalizio moreak "ahots bakarra" izango duela iragarri du Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak. Martinezen ahotan, "non huts egiten duen esango diogu gobernuari, baina euskal herritarren bizitza hobetzeko gai garrantzitsuetan akordioetara ere helduko gara".
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko kargudun publikoak Bilbon bildu ditu koalizio moreak, larunbat honetan. Lander Martinezen hitzaldiak hasiera eman dio ekitaldiari. Egoera ekonomikoa eta krisi ekonomiko berri baten zantzuak hizpide izan ditu buruzagiak.
"Lehendakariari esan diogu dagoeneko. Euskadi etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egotea beharrezkoa da, krisiaren zauria ixteko eta bizi izandako drama sozialak berriz ez errepikatzeko; pertsonek, familiek, enpresek eta gure industriak krisiaren ondorioak berriro ez ordaintzeko", azpimarratu du.
Zentzu horretan, "neurri ausart, zehatz eta eraginkorren" inguruko elkarrizketaren aldeko apustua egin du, "benetako aldaketa bat izateko; berdintasun, babes sozial, gazteria eta trantsizio ekologikoan aurrerapausoak emateko".
Horregatik, Euskadin "berriro ere inor bidean ez geratzeko" lan egiten jarraituko dutela adierazi du Martinezek. "Euskal ekonomia merkatu globalen ezegonkortasunari, prekarietateari, eraldaketa digitalari, larrialdi klimatikoari edo lanaren feminizazioari egokitzea" bultzatuko dute, erantsi duenez.
Buruzagiaren hitzetan, euskal gizarteak lortzeko gaitasuna du, baina "herri gisa gure onena emateko, batera lan egitea uzten digun gobernu bat merezi dugu".