Politika -
Zapateroren ondorengotza
Chaconek uko egin dio PSOEren primarioetara aurkezteari
Carme Chacon Defentsa ministroak PSOEko Gobernurako hautagaia izateko primaroetara ez dela aurkeztuko iragarri du.
Erredakzioa
Carme Chacon Defentsa ministroak uko egin dio PSOEren primarioetara aurkezteari. Hauteskunde prozesu horretan Gobernuko presidentea izateko hautagaia erabakiko dute sozialistek.
Oso serio agertu da Chacon kazetarien aurrean, Ferrazeko egoitza sozialistan. Defentsa ministroak ustekabean deitu du prentsaurrekoa datorren larunbatean PSOEren Batzorde Federaleko bileraren harira bere asmoak azaltzeko.
Defentsa ministroaren hitzetan, primarioetara aurkezteko asmoa zuen, erabakia otsailean hartuta zuen, baina azkenean atzerapausoa ematea erabaki du azken egunotan alderdian ikusitako egoera ikusita, eta alderdiaren batasuna bera ere arriskuan sumatuta.
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen agintea, PSOEren irudia eta Gobernuaren egonkortasuna ere arriskuan dago, bere esanetan, eta horregatik hartu du gaur iragarri duen erabakia.
Chacon PSOEren zuzendaritza berritzeko kongresua egitearen aurka agertu da; izan ere, zuzena da, bere ustez, gobernuburuaren "gogoa" agintaldia bukatzeko" eta "Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi gisa" egiteko. Chaconen esanetan, bere erabakia "indibiduala eta autonomoa" da.