Politika -
Ondorengotza PSOEn
Zapateroren hurrengoa nola hautatu adosten saiatuko da PSOE
Alderdi Sozialista zatituta dago: Batzuek ezohiko biltzar batean hautatu nahi dute Zapateroren hurrengoa, baina beste batzuk barne-hauteskundeen alde daude.
Erredakzioa
PSOE jarrera bateratua lortzen saiatuko da larunbateko Batzorde Federala egin baino lehen, ordurako Jose Luis Rodriguez Zapateroren hurrengoa erabakitzeko modua adostuta izaten saiatzeko, Elena Valenciano PSOEren Hauteskunde Batzordeko bozeramaileak jakinarazi duenez.
Sozialistak zatituta daude. Batzuek, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia tartean, ezohiko biltzarra deitzea nahi dute, baina beste batzuk barne-hauteskundeen alde daude.
Bihar, Zapatero eta Jose Blanco PSOEko idazkariorde nagusia batzartu egingo dira baroi sozialistekin, eta helburua han jarrera bateratua lortzea da.
Helburu hori lortzeko, gainera, gaur hainbat hartu-eman egingo dituzte alderdiko buruzagien eta lurralde zuzendaritzen artean.
Patxi Lopezen eta Zapateroren arteko ika-mika
Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak hautsak harrotu zituen asteartean, Zapateroren hurrengoa ezohiko biltzar batean hautatzea proposatu baitzuen.
Proposamenak polemika piztu zuen, PSOEko zuzendaritzak dimititzea eta barne-hauteskundeak ez egitea ekarriko lukeelako.
Atzo, Zapaterok baztertu egin zuen biltzarra deitzea, eta barne-hauteskunde deialdia berretsi zuen. Halaber, Lopezekin hitz egin eta gero, hura ere formula horrekin ados dagoela esan zuen.
Handik eta ordu batzuetara, baina, PSEk agiri bat igorri zuen, eta horretan, Euskadiko sozialistek berretsi egin zuten ezohiko biltzarraren aldeko apustua.
Biltzarraren aldekoen artean, besteak beste, Guillermo Fernandez Vara, Alfonso Guerra eta Diego Lopez Garrido daude. Barne-hauteskundeen alde, aldiz, Carme Chacon, Marcelino Iglesias, Jose Blanco eta Zapatero bera.
Ezohiko biltzarra edo primarioak, zein da aldea?
PSOEren estatutuen eta araudiaren arabera, hautagaia erabakitzeko barne-hauteskundeak 15 eguneko epean ebatzi behar dira hautagaitzak aurkezteko epea hasten denetik. Ohiko biltzar baten kasuan, epea 60 egunekoa da, eta 40koa ezohiko batean.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren asmoa larunbat honetako Batzorde Federalak hauteskunde primarioen egutegia eta epeak ezartzea da.
Barne-hauteskundeen kasuan, hautagaiek Bermeen Batzorde Federalean aurkeztu behar dute hautagaitza, eta baldintzak betetzen dituzten egiaztatu eta gero, erakunde horrek izendatuko ditu hautagaiak. Horren ostean, zazpi eguneko kanpaina hasiko da.
Bozketa militante guztien artean egiten da.
Ezohiko biltzarrak "egoera berezi bat" aztertzeko edota "gai zehatz" bat konpontzeko helburuarekin deitzen dira. Zuzendaritza federal edota Batzorde federalak dei dezake, beti ere "militanteen erdiak baino bat gehiagok eskatuta". Mota honetako biltzarretan, gai ordenean aurreikusitako gaiak besterik ez dituzte aztertuko.
Ezohiko biltzar bat deitzeak PSOEren zuzendaritzaren dimisioa dakar. Biltzar horretara joango diren 500 eta 2.000 arteko "ordezkariek" bakarrik emango dute haien botoa.
Estatutuen arabera, idazkari orokor izateko hautagaiek, gutxienez, ordezkarien botoen % 20 eskuratu beharko dute.