Politika -
Memoria historikoa
Voxek ez du frankismoa gaitzetsi ere egin nahi
Joaquin Roblesek azpimarratu du ez duela "zentzurik" frankismoa gaitzesteak, zeren "gure historiaren oinordekoak gara, gehiago edo gutxiago gustatu".
agentziak | erredakzioa
Ivan Espinosa de los Monteros Voxen Kongresuko bozeramaileak esan du bere alderdiak ez duela gaitzesten "ez 34ko iraultza, ez Gerra Zibila, ez frankismoa, hori historialarien lana baita".
Espinosa de los Monterosek Kongresuan emandako prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok, Memoria Historikoaren legea bertan behera geratzeko lege proposamena sartu ondoren.
"Ez da gure papera gaitzestea. Gu askatasunaren aldekoak gara, eta espainiar bakoitzak nahi duen iritzia izatearen aldekoak", adierazi du bozeramaileak.
Horren harira, Joaquin Robles diputatu ultraeskuindarrak azpimarratu du ez duela "zentzurik" frankismoa gaitzesteak, zeren "gure historiaren oinordekoak gara, gehiago edo gutxiago gustatu, eta ezin dira 40 urte horiek hartu eta zaborrontzian sartu".