Politika -
Iruzurra
Fiskaltzak bederatzi urtera igo du Victor Bravoren aurkako zigor eskaera
Kontrako aldean, enpresa iruzurgilearen administratzaile bakarraren aurkako zigor eskaera txikitu du, dagoeneko milioi bat euro ordaindu dituelako. Epaiketa ebazpenaren zain geratu da.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak sei urtetik bederatzi urtera igo du Victor Bravo EAJren senatari eta Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohiaren aurkako zigor eskaera, Glass Costa Este Salou auzian Ogasun Publikoaren kontrako hiru delitutan beharrezko laguntzaile izan zelakoan.
Kontrako aldean, Ministerio Publikoaren ordezkariak lau urte eta erdira jaitsi du beste auzipetuaren aurkako zigor eskaera, Glass Costa Este Salou enpresaren administratzaile bakarra zenarena. Tarragonako enpresa horri zerga-egoitza Gipuzkoara eraman izana leporatzen diote, bertako arauak aprobetxatu eta zergetan 1,5 milioi euro aurrezteko.
Administratzaile horrek milioi bat euro utzi zituen epaitegiaren kontuan ahozko epaiketa hasi baino lehenago, eta fiskalak uste du egindako kaltea arintzeko pauso bat izan zela. Horregatik erabaki du zigor eskaera txikitzea.
Epaiketaren hirugarren eta azken saioan, Donostian, Estatuaren abokatuak —akusazio partikular gisa Zerga Agentziaren izenean— hasierako eskaerari eutsi dio, hau da, bederatzi urteko kartzela-zigor eskaerari. Defentsek, berriz, absoluzioa eskatu dute.
Hala ere, Glass Costa Este Salouren administratzailearen abokatuak eskaera bat egin du: bezeroa errudun jotzen badute, epaileak kaltea arintzeko emandako pausoak aringarri gisa har ditzan. Epaiketa ebazpenaren zain geratu da.